Errugbiak tiradizo haundia du Hernanin, eta horren adierazle da, bete berri duen 50 urteurrena. Historiarako geratu diren pasarte ugari bizitu dituzte hamarkada hauetan, eta horietako asko bildu ditu San Joan Konpartsak. Liburuxka bat banatuko dute gaur, errugbi elkarteko kideek idatzia, istorio guzti horiekin; 1.000 ale banatuko dituzte, desfilean zehar. Liburuxkan biltzen denaren adierazle izango da, beraz, gaurko Konpartsa: Errugbi elkarteak 50 urte. Edizio berezia izango da, elkarteko jokalariak, egungoak eta lehengoak, izango baitira protagonista.
«Harrera oso ona, errugbi taldeak»
San Joan Konpartsak bileran erabakitzen du, San Joan jaietan landuko duen gaia. Aurten erabaki hartu bezain pronto jakinarazi diote errugbi elkarteari, eta harrera oso ona izan duela azaldu dute: «errugbi taldearekin harremanetan izan gara hasieratik, eta asko gustatu zaie ideia, harrera oso ona izan du. 2-3 aldiz elkartu gara, eta eskerrak eman dizkigute gaia atera izanagatik. Beraiek konpartsaren parte izatea nahi genuen, eta hala izango da. Errugbiaren parte izan diren generazio ezberdinak ateratzea nahi dugu. Dantza eta kirola uztartuko ditugu gaur, berezia izango da».
Kaxkotik barrena, buelta
Plazatik abiatuko da Konpartsa, 18:30etan. Desfilean joango da Konpartsa Andre Kalean barrena, giroa alaituz. Plaza Berrin egingo dute aurreneko geldialdia. Konpartsako kideek dantzatuko dute bertan, eta errugbi elkarteko kideek mele bat egingo dute. Zinkoeneatik barrena egingo dute buelta, eta Plaza Berrik eta Kale Nagusiak bat egiten duten kantoian egingo dute geldialdia. Konpartsako kideek dantzatuko dute bertan, eta errugbi jokalariek touch bat egingo dute. Plazara bueltan izango da konpartsaren azken traka: dantza eta errugbi jokalarien ikuskizuna.
Jantziek, garrantzia
Konpartsan ateratzen dituzten jantziek ere izaten duten protagonismoa. Aurten baserritarrez aterako dira, eta errugbi jokalariak, taldeko kamisetarekin; eta noski, baloiak ere izango dituzte soinean.
Hogeita hiru urte, hogeita hiru konpartsa
1. Inudeak eta artzaiak
2. Aurresku Zaharra
3. Lorategiak
--------------------------------
1. Hernaniko sagardotegiak
2. Hernaniko Portua
3. Santa Barbara ermita
4. Errotaren historia
5. Urumea eta lanbideak
6. Hernaniko erromeriak
7. Zikuñagako ermita
8. Hernani eta Euskal Kirolak
9. Labaderoak eta Lanbaderak
10. Hernaniko tranbia
11. Biteri eskolak
12. Baserria eta baserriaren egoera
13. Hernani eta automobilen zirkuitua
14. Tabernak eta sagardotegiak
15. Euskal Herriko baserritar jantzia
16. Villa San Antonio (Paradorea)
17. Hernaniko benefizentzia etxea
18. Oialumeko bilera
19. Tilosetako bailableak
20. Hernani eta Nafar Erresumaren Konkistak.
21. Merkataritzak Hernanin
22. Hernanik, 1000 urte
23. Errubi elkarteak 50 urte
Sekretua: etxeko jokalariak
Liburuxka bat atera dute errugbi elkartearen historiarekin; gaur banatuko dute, Konpartsan zehar.
1962a zen, errugbi taldea osatzeko irrikaz, Hernaniko lagun talde bat inguruko ezagunak elkartzen hasi zenean. Hainbat pausu zituzten aurretik: entrenatzailea bilatu, taldearen egitura ofiziala sortu, taldea eratu, zelaia adostu... CD Hernaniren parte izatea erabaki zen, eta Txantxillan eta Atsegindegin aritu ziren entrenatzen. Anoetan jokatu zuen Hernanik aurreneko partidua eta 30-0 galdu zuten. Handik aurrerako urteak gorabeheratsuak izan ziren, eta 1965eko irailean CD Hernanitik irten eta talde edo klub berri bat osatzeko beharra ikusi zuten: Club de Rugby Hernani. Tomas Molina, Joakin Goikoetxea eta Juan Crespo izan ziren sortzaileak. Juan Gilen izena ere, ageri da, lau behar baitziren. Eta aipatzekoa da, baita ere, Manolo Adarraga Txokolok emandako bultzada. Bera izan zen lehenengo entrenatzailea.
Klubaren bigarren pausu garrantzitsua izan zen Landarera joatea, bigarren zelaia egokitu, Urumea ibaia bideratu eta instalazioak birmoldatzea.
Hamarkada onena, 1978-1990
Eskualdeko ligetan 1966an hasi zuen Hernanik ibilbidea, Ipar Multzoa izena zuen (egungo Ohorezko B maila dena). Lehenengo postuan geratu zen Hernani, eta igoera fasea jokatu, eta mailaz igotzea lortu zuen. Kirol ikuspuntutik, 1978-1987a izan zen Hernaniren hamarkadarik oparoena. Estatuan, goi mailan aritu ziren, eta lau aldiz azpitxapeldun izan ziren. Aipatzekoa da, Iñaki Quesadaren etorrerak ekarri zuen salto kualitatiboa, berarekin bizi izan baitzituzten Hernaniren urte disdiratsuenak. Hernaniko errugbia euskal eta estatuko haundienetako bat zen, elitean jokatzen zuten eta tituluengatik borrokatzen zuten.
Beherakada, 1991tik 2003ra
Espainiako Federazioak 1991n egin zuen berregituraketaren ondorioz, nazio kategoria galdu zuen Hernanik. Garai hau izan zen baita ere, gainerako taldeak erdi-profesional izateko pausua eman zutena; besteak beste, atzerriko jokalariak fitxatu zituzten. Hernanik ordea, ez zuen amateur ibilbidea galdu, eta nahiz eta inguruko herrietako jokalariak izan, beti mantendu izan du harrobiko izaera. Hernaniren bilakaeran aipatzeko beste pausu garrantzitsua izan zen Albin Lhoste entrenatzaile atzerritarra ekarri izana. Quesada eta gero, hau izan da entrenatzaile garrantzitsuena: lana egiteko ildo berriak ekarri zituen.
Goi mailara buelta
Azken harmakada ere aipatzekoa da Hernaniren ibilbidean. Ohorezko B mailara igotzea lortu zuen 2003-2004. Ohorezko Mailara igotzeko aurreneko Play Offa 2006-2007 denboraldian jokatu zuten; eta baita beste bi aldiz ere, 2008-2009 eta 2009-2010 denboraldietan. Ametsa egi 2011-2012 denboraldian bihurtu zen. Hernanik Ohorezko A mailara igotzea lortu zuen, hogeita bost urte eta gero. Azken hiru urteak ez dira errazak izan, baina Hernanik Ohorezko Mailan ospatu ditu 50 urteak.