Odolean dakarki Carlos Sanchizek euskal dantza. Dantza munduan hain ezaguna den Sarriegi familiakoa da Sanchiz, eta aitona, ama, osaba-izebak, anaia, lehengusuak... guztiak dira dantzariak: «aitonak 1900 urtea aurretik dantzatzen zuen... beraz, pentsa nondik datorkidan grina. Sarriegi familia erreferentea da Euskadin, dantza munduan». 2007an Seguran omendu zuten Sarriegi familia, eta Hernanin ere, urte berean jaso zuten errekonozimendua, Preludioan.
Ohorezko agurra dantzatuko diote, gaur
60 urte baino gehiago dira Carlos Sanchizek aurreneko pieza dantzatu zuela, eta ordutik, ibilbide luzea du egina. Anekdotak, momentu onak eta ez hain onak bizi izan ditu urte hauetan guztietan. Eta gaurkoa ez da gutxiagorako izango: 50 urte egingo ditu Haurren Aurreskuko zuzendari gisa.
Arratsaldeko 17:00etan beteko da dantzari txikiez Plaza. Edizio berezia izango da aurtengoa, hunkigarria, eta Sanchizek badaki hori. Ondoan izango ditu urte hauetan guztietan bidelagun izan dituen ikasle, familia eta lagunak; ohorezko agurra dantzatuko diote, emanaldian zehar. Arratsalde ahaztezina izango da beraz, gaurkoa.
«Ordua iristen denean, emozionatu egingo naiz»
Hamarkada asko daramazki Sanchizek eszenatoki gainean, jendaurrean dantzan, eta horrek beti laguntzen duela azaldu dio Kronikari: «ekitaldi haundietara ohituta nagoela esan daiteke. 60 urte baino gehiago daramazkit eszenatoki gainean. Dantzari zarenean, ohitu egiten zara halako ekitaldietara. Hala ere, ordua iristen denean, badakit emozionatu egingo naizela. Alabak, zazpi bilobak, emaztea... hunkigarria izango da. Urte hauetan guztietan egindako lanaren errekonozimendua izango da».
«50 urteak zoragarriak izan dira»
Damian Otamendi haundia izan zen Haurren Aurreskuko zuzendari, Sanchizen aurretik. 1965ean hil zen Otamendi, eta Udaleko deia jaso zuen Sanchizek: «erreleboa hartu nahi al nuen galdetu zidaten, eta nik ezin ezetzik esan. Dantzarekin lotura duen guztian inbolukratu izan naiz beti, hala sentitu izan dudalako».
50 urte hauek zoragarriak izan direla azaldu dio Kronikari: «balorazioa oso positiboa da, 50 urte zoragarriak izan dira. Señorita Agustinarenean hasi nintzen irakasle, Musika Eskolan ere aritu izan naiz... 60 bikoteren irakasle izatera iritsi izan naiz, pentsa... Zorte bat izan da 50 urte betetzea, hutsik egin gabe. Osasuna lagun izan dut urte hauetan guztietan; kontuan hartu, gaur egun aiton-amonak etortzen zaizkit bilobekin, eta ni beraien irakaslea izandakoa naiz».
Ekitaldi zaharrenetakoa
Ehun urte baino gehiago dira San Joan bezperan, ekainaren 23an, Haurren Aurreskua egiten dela. Ekitaldirik zaharrenetakoa dela azaldu dio Kronikari, Sanchizek: «100 urte baino gehiago dira Hernanin aurreskua egiten dela, eta gutxi izango dira hori baino zaharragoak diren ekitaldiak. Haurren Aurreskua festa tradizionala dela esan daiteke». Eta dantzarekin jarraituz, ezin Dantza Sueltoaz ahaztu: «antzeko zerbait gertatzen da. Hernani beti izan da Plaza garrantzitsua, eta dozenaka urte dira hemen txapelketa antolatzen dela. Gerra Zibilaren aurretik ere, antolatzen ziren Hernanin txapelketak. Dantzak badu lekua».
28 bikote, Aurreskuan
Guztientzat izango da berezia gaur aurreskua, baita parte hartuko duten 56 neska-mutilentzat ere. Dantza emanaldia Plazan hasiko da: soka, aurreskua, desafioa, arkua, alpargata dantza, atzeskua, zortzikoa, arin arina, fandangoa... Ondoren, herrian barrena ibiliko dira dantzan; eta bukatu, hasitako leku berean egingo dute, Plazan.