San Joanetan eraso sexistarik onartuko ez dutela aldarrikatzeko, agerraldia egin zuten atzo, herriko hainbat eragilek: txosna batzordea (Bilgune Feminista, Dobera-Kronika, AEK, Molotoff irratia, Askapena, Ernai eta Gazte Asanblada), Berriak elkartea, Udala eta Liletak taldea.
Elkarlanean aritu dira, protokolo bat adosteko, eta jaietan erasorik ez izateko: «jendartean eman nahi ditugun aldaketek, gure herriko festetan ere islada izan behar dute, jaietan kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako».
«Denon ardura da, jaiak denontzako espazio seguru eta gozagarri izatea»
Salatu dute, jaiak erasotzaile eta diskriminatzaileen aterpe bihurtzen direla, eta sarriago ematen direla eraso sexistak: «denon ardura da jaiak denontzako espazio seguru eta gozagarri izatea, eta ezinbestekoa da eraso sexisten prebentzioan, zein erantzun eta protokoloan, denok konpromezua hartzea».
Gainera, aurreratu dute ekainaren 23an, 00:00etan, brigada feminista egingo dutela, «kaleak plazerez hartuz eta Hernani lehertuz».