Bildutako janariarekin «oso gustora», Aranon eta Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 6a, 02:00

Janari kaxak bata bestearen atzetik bete zituzten aurreko astean, Aranon eta Goizuetan. Janari bilketa egin zuten, Nafarroako Elikagai Banku­ra­ko, eta bi herrietan, oso pozik daude jendeak emandako erantzunarekin.
Bildutakoa, Leitzara eraman dute, eta bertatik Iruñara, Nafarroako Elikagai Bankura, gero banaketa egiteko, behar duten familien artean.

Eskerrak, parte hartu dutenei
Aranon, Kontsejun egin dute janari bilketa, eta oso gustora azaldu dira, jasotakoarekin: «eskerrak eman nahi dizkiegu, parte hartu duten guztiei».
Goizuetan, berriz, eskolan eta hainbat dendatan bildu dute, eta guztietan, bete egin dituzte kaxak: «hemen eskolan, adibidez, askotan ikusi dugu kaxa beteta; hustu, eta berriro bete da. Jende asko animatu da, eta haurrak elikagaiz betetako poltsekin etorri dira. Agian, herrian ere beharrak dauzkan familiak egoteak, jen­de gehiago animatuko du. Dendetan utzi duenak, eskolan ere utzi du janaria». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!