Seigarren urtez, BTT zeharkaldia antolatu zuen Iskibik, igandean. Oraingoan, gainera, berritasunekin, Artikutza parke naturalean barrena izan baitira ibilbideak.
Denera, 170 lagunek hartu zuten parte eta Joseba Elizegi Iskibiko arduradunak oso pozik daudela azaldu dio Kronikari: «Inoiz baino jende gehiago izan da. Eguraldiak ere lagundu du, aurreko urteetan oso eguraldi txarra izan baitugu, eta jendea oso gustora ibili da. Jendea txoratuta geratu da bistekin. Egia esan, Artikutzatik barrena egitearekin asmatu dugu».
Oarsoaldea, Donostialdea, Buruntzaldea, Iruñerria, Bizkaia, Araba... ingurutik gerturatu zen jendea. Alemaniako bi neskak ere parte hartu zutela gaineratu du Elizaldek eta nesken parte hartzea ere beste urteetakoa baino haundiagoa izan dela azpimarratu du.
Hernaniarrak nagusi, luzean
Ibilbide luzean (43 km), Jose Mari Pacheko hernaniarra helmugaratu zen lehendabizi (2 ordu 10 minutu). Hala ere, lehia estua izan zuen Axier Otaño iazko irabazle eta herrikidearekin. Ibilbide motzean, Jesus Almandoz lesakarra izan zen azkarrena (2 ordu).
Eskerrak, bolondresei
Iskibitik eskerrak eman nahi dizkiete Goizuetako bolondresei, Udalari eta suhiltzaileei, «beraiek gabe ezinen genuke aurrera atera gure BTTa».
Barrikotea, ostiralean
Urtero bezala, barrikotea eginen dute ostiralean, Iskibin. Txartelak salgai daude kanpinean eta Amaia kafetegian.