Larunbateko batzar berezian osatu zen Aranoko Udal taldea datozen lau urteetarako. Herri Aiherrizek, aurreko legegintzaldiko plataforma berak irabazi zituen maiatzaren 24ko hauteskundeak, lan talde berarekin, eta horiexek osatuko dute hemendik aurrera ere Udal taldea. Beraz, Ainhoa Ansa izanen da alkate eta gainerako lau zinegotziak, honakoak: Xabier Legarreta, Maider Ansa, Joxan Ruiz eta Maitane Sarobe. Orain arteko arloetan jarraituko du bakoitzak lanean. Legarreta obratako zinegotzia izanen da; Ruiz mendietakoa; Maider Ansa euskara eta kulturakoa; eta Sarobe gizarte zerbitzuetakoa. Mankomunitateari begira, Maider izanen da euskara ordezkaria eta Ainhoa mendialdekoa eta gizarte zerbitzuetakoa.