Kontxa Etxeberria Miranda edo Doña Kontxaren izena askotan aipatu dugu azken aldian Kronikan. Izan ere, alaba kuttun izendatu zuen Udalak maiatzaren 19ko Plenoan eta astelehenean, plaka bat jarri eta lore eskaintza egin zuten udal ordezkariek, bere omenez (bere heriotzaren urteurrenean). Baina zein zen Kontxa Etxeberria edo Doña Kontxa?
Hori argitzeko, Iketarchek Udalarentzat egindako txostena hartu dugu oinarri. Eta hasteko, informazioa lortzeko zailtasun haundiak izan dituztela nabarmendu dute txostenean.
Hori horrela, bi modutan lortu dute informazioa: alde batetik, artxiboetan idatzitako dokumentuak ikertuz (Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa); eta bestetik, herriko pertsona desberdinak elkarrizketatuz: Marcelina Goikoetxea Labaka, Manoli Ubarretxena, Pilar Zapiain, Mikel Goenaga, Itziar Arozena eta Pilartxo Arizabalo.
Pobreziatik aberastasunera
Maria Concepcion Celestina Echeverria Miranda andrea, Doña Kontxa, 1855 urteko maiatzaren 19an jaio zen Astigarragan. Berez, bere familia ez zen Astigarragakoa, baina bere aita, Jose Manuel Echeverria Setien, gazterik Urnietatik Astigarragara etorri zen bizitzera. 1852an, Maria Manuel Miranda Arrieta hernaniarrarekin ezkondu zen eta senar-emazteak Borda baserrian bizitzen jarri ziren maizter bezala. Bi alaba izan zituzten.
Familiak estuasun ekonomikoak zituen eta Doña Kontxak oso gazte atera behar izan zuen kanpora neskame bezala lan egitera. Beretzako erronka haundia izan zen, baserritik mundu ezezagun batera atera zelako irakurtzen eta idazten jakin gabe. Hau da, eskolarik gabe eta erdaldunak zeuden leku batera joan behar izan zuen.
Familia dirudun baten etxean jarri zen lanean eta han bere senarra ezagutu zuen: Antonio Claras jauna. Ez da jakin noiz eta non ezkondu zen Antonio Clarasekin; ezta ere, non jarri ziren bizitzen eta noiz ikasi zuen irakurtzen eta idazten.
1904an, seme-alabarik gabe, alargun eta Madrilgo bizilagun bezala agertzen da dokumentuetan. Garai horretan, lehenengo pausoak ematen hasi zen bere “Asilo-escuela de Huerfanos de Jesus Nazareno y Cristo Rey” fundazioa sortzeko eta 1930ean abian jarri zuen. Astigarragara itzuli zen bizitzera.
1940ko ekainaren 15ean hil zen, 85 urterekin, buruko garun-odoljarioaren ondorioz, Astigarragako Egoitza-eskolan.
Eragin haundia, Astigarragan
Doña Kontxa bere garairako emakume aurreratua zela esan liteke. Gizarte-kontzientzia haundiko eta hezkuntzaren garrantziaz jabetutako emakumea izan zen, bera pobrezian eta aberastasunean bizi izan zelako. Garai hartan, Astigarragako biztanleen %76 analfabetoak ziren eta Donostian %36,44.
Emakume dirudun bihurtuta ere, inoiz ez zituen bere erroak eta jatorria ahaztu. Baserritarren seme-alabei etorkizun hobe bat emateko, Astigarragara itzuli zen eta Egoitza-eskola jarri zuen.
Prozesuak, gutxi-gorabehera, 30 urte iraun zituen. Hasteko, 5.732 m2-ko lur saila erosi zuen. Hurrengo urratsa, 375 m2-ko eta hiru pisuko etxe bat eraikitzea izan zen; eta azkenik, Fundazio bat sortu zuen berak hasitako gizarte-ekintzari jarraipen bat emateko. Bere jabego guztiak eta garaiko 440.000 pezeta (diru horrekin hamaika baserri erosi zitezkeen orduan) Fundazioari utzi zizkion.
Beste alde batetik, Doña Kontxak garai hartako egoera politikoa kontuan izan zuela azpimarratu behar da. Zuhur jokatu zuen. 1930ean, Primo de Riveraren diktadura indarrean zegoen eta Doña Kontxak bere eskuetan zituen neurri guztiak abian jarri zituen bere ondasunak Espainiar estatuaren eskuetan ez bukatzeko.
Jendeak, oroitzapen onak
Ezagutu zuten guztiek, adin txikikoak izanda ere eta berarekin harremanik ez izan arren, Doña Kontxaren oroitzapen oso ona dute. Denek, “Señora” eta karisma haundiko emakume bezala definitu dute.
Egoitza-eskolako lehenengo pisuan bizi zen eta etxearen atzeko sarrera erabiltzen zuen sartzeko eta ateratzeko; umeek eta monjek berriz, etxe aurrean zegoena erabiltzen zuten. Hau da, umeekin ez zen nahasten, baina zentroaren kontrol guztia bere eskuetan zeukan. Eta istilu edo arazoren bat zegoenean, konpontzeko asmoz, bera beti han egoten zela azaldu dute elkarrizketatuek. Haurren elikadurari garrantzi haundia ematen ziola ere gaineratu dute.
Ia egun osoa, eskolaren inguruan eraikitako oilategian pasatzen zuen, bakar-bakarrik. Astigarragatik gutxitan ateratzen zen; gehienetan, Donostiara mandatuak egitera, eta beti, aterki batekin eta eskolako ume baten laguntzaz. Batzuetan, bere arrebaren bisitak jasotzen zituen.
Bere ilezuria moño batean bilduta eta beltzez jantzia (dotore, baina antzinako moduan), argala eta garaiera erdiko emakume bezala deskribatzen dute.
Gaur egun, kultur etxea
Doña Kontxaren fundazioa gaur egun bizirik dago eta kultur etxearen eta inguruko lurren jabea da fundazio hori. Dena dela 1989an, Udalari utzi zizkion ondasun horiek. Kultur etxearen aurretik, jubilatuen etxea ere izan zen eraikina eta Sagardoetxea ere bertan dago, gaur egun.
Lehenengo alaba kuttuna
Udalak maiatzaren 19an izendatu zuen alaba kuttun Doña Kontxa. Gainera, Astigarragako lehenengo alaba kuttuna izan da, orain arte seme kuttunak bakarrik izan baitira, hau da, gizonezkoak. Gainerakoekin egin bezala, koadro bat jarriko da udaletxeko pleno aretoan Doña Kontxaren irudiarekin, baina oraindik argazkirik ez du lortu Udalak. Horretan lanean ari da. Bestela, marraztu egingo dute bere erretratua.