Urretxuko Txapelketa ospetsuko finala jokatuko dute gaur bi hernaniarrek: Ioritz Arrietak eta Aitor Gorrotxategik. Ez dira ordea, elkarrekin ariko. Arrietak, Zazpi Iturriko Erastorbe izango du atzelari; eta Gorrotxategik, Pegazpe klubeko Santxo izango du lagun.
Final haundia goizeko 11:00etan hasiko da, eta berdindua izatea espero da. Afizionatu mailan egun dauden lau pilotari onentsuenak izango dira aurrez aurre. Santxo eta Gorrotxategi dira egungo Euskal Herriko Txapeldunak. Arrieta Mundu mailako 22 urtez azpiko txapelduna da. Eta Erastorbe, adituen arabera, profesionaletara salto egingo duen hurrengo pelotaria izango da. Beraz, Urretxura gerturatzen denak ziurtatua du espektakulua.
Udaberri txapelketako final erdietan, lau hernaniar
Hernaniko pelotalekuan ere, ez da goi mailako pelota partidurik faltako. Udaberri txapelketako final erdiak izango dira jokoan, 18:00etan hasita. Eta aurrez aurre, lau pelotari hernaniar. Binaka, Oinatz Insaustik eta Xabier Apaolazak final erdia jokatuko dute Tolosako Sodupe eta Eraso pelotarien kontra. Buruz buru, Oire Ezeizak Donostialdeko final erdia jokatuko du, Hondarribia klubeko Lizarazu pelotariaren aurka. Eta buruz buru baita ere, baina jubenil mailan, Iñaki Urruzolak jokatuko du, Donostialdeko final erdia, Añorga klubeko Eraunzetamurgilen kontra.
Pelota eskolako txapelketa, bihar
Bihar ere, ez da pelotarik faltako. Hernaniko Pelota Eskolako txapelketako finalak jokatuko dituzte. 50 pelotariren artean izango da lehia, eta lau mailatan jokatuko da txapelketa. Finala jokatuko dute Arruti eta Iraolak, Gorrotxategi eta Alvarezen kontra; 3 eta 4garren postuaren arteko lehian berriz, Arabaolaza eta Zubeldiak jokatuko dute, Etxabe eta Zubeldiaren kontra.