Gaur hasiko da Emakumezkoen Gipuzkoako VI. Traineru liga, eta guztira hamar jardunaldi izango dira. Pasai Donibanen jokatuko da aurreneko estropada, 17:30etan; Iberdrola Bandera izango da jokoan, eta gizonezkoen traineruek ere hartuko dute parte. Bigarrena bihar jokatuko da Zarautzen, 11:30etan; kasu honetan, gizonezkoen KAE-1 ligako 2garren jardunaldia ere izango da.
Hernani-Iparragirrek aurreneko aldiz hartuko du parte ligan, Maialen traineruarekin. Arraunlariak duten onena emateko gogoz direla azaldu diote Kronikari. Aurten bederatzi taldek hartuko dute parte, eta lau beteranoak dira: Hibaika, Orio, San Juan, Zarautz-Getaria. Hernanirekin batera, beste hiru ontzi berri ere izango dira: Donostia-Arraun Lagunak, Oiartzungo Itsaslapurrak eta Colindres. Azken talde hau Kantabriakoa da, eta gonbidatu gisa ariko da.