Aste honetan hasi dira lanean, Hernaniko kiroldegia berritzeko. Obren aurreneko fasearekin ari dira, eta irailaren 14an bukatuko dute. Bitarte horretan, bi lan nagusi egingo dituzte: igerilekuko eta ikastetxe eta klubetako aldagelak berritu; eta instalazio termikoen kontsumoa murriztu eta efizientzia hobetu.
Horrela, kiroldegiko sarrera ere haundituko da, eta errazagoa izango da kiroldegian barrena mugitzea. Aldageletan jarriko dituzte dutxak, eta haurtxoentzako aldagelak egingo dira. Eta iturgintza, klimatizazio eta airearen berriztapenerako instalazioak ere, berritu egingo dituzte.
Efizientzia hobetzeko, berriz, argindar beharrak murriztuko dira, eta energia eraginkortasuna hobetu, ura berotzeko energia %30 gutxituz.
Bitartean, sotoko aldagelak
Obrak irauten duen bitartean, aldaketa batzuk izango dira kiroldegian. Uztailaren 1etik aurrera, eta obra bukatu arte, sotoko aldagelak erabiliko dira. Bestalde, behin behineko sarrera ere egokituko da, eta bertan, egokitutako aldagela eta komuna jarriko dira. Gainera, haur txikiek ere helduen aldagelak erabili beharko dituzte. Eta gomendatu dute, tenperatura aldaketak saihesteko toaila haundi bat edo bainu-bata eramatea.
Kiroldegia itxita, hiru astez
Helburua izan da, «erabiltzaileengan ahalik eta eragin txikiena izatea, eta kiroldegia ahalik eta denbora gutxien itxita egotea». Udan zehar, hiru astez egongo da itxita: ekainaren 23tik 30era; abuztuaren 3tik 16ra; eta abuztuko asteburuetan.
Momentuz, kanpoaldean ari dira lanean, uraren instalazioak bideratzen, eta datorren asteartean hasiko dira barruko lanekin, aldageletan. Egun hauetan, bertako baliozko gauzak ateratzen aritu dira kiroldegiko langileak.
Aurreneko fasea, 806.795 euro
Obraren kostua, aurreneko fase honetan, 806.795 eurokoa izango da. Bigarren fasea, igerilekua haunditzea, 2016ko udan egingo da, eta 1.700.000 euroko kostua izango du. Obrak egiteko, 600.000 euroko dirulaguntza eman du Aldundiak.