Santos alkate, datozen lau urteetarako

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 17a, 02:00

Larunbatean egin zen Udal berria osatzeko Pleno berezia Astigarragan. Jesusmari Santos EAJko alkategaiak lortu zituen boto gehien eta bera izango da alkate datozen lau urteetan. EAJko 6 zinegotzien eta PSE-EEko zinegotziaren botoa jaso zituen. Andoni Gartziak, orain arteko alkateak, EH Bilduko 6 zinegotzien botoa jaso zuen.
Santosek poza adierazi zuen alkate gisa egindako lehenen­go hitzetan: «Zorio­nez bete­tako momentua da neretzat. Amets bat bete da. Zuei esker aldaketa posible bihurtu da. Eskerrak eman nahi dizki­zuet babestu gaitu­zuen guztioi. Orain gure nahia da, astigartar guz­tientzat gober­na­tzea. Eske­rrak baita ere nere gobernu­kideei eta Mikel Durani neregan konfiantza izateaga­tik. Alkatetza umilta­sunez eta arduraz gestiona­tuko dugu. Eta eskua luzatu nahi diet Andoni Gartziari eta EH Bilduko zinegotziei elkarlane­an aritzeko».
Gartziak Santos zoriondu zuen, baina azken asteetan gertatutakoa ere salatu zuen: «Astigarraga kromo bat bezala erabili dute eta hemen ez da ezer erabaki, kanpoan baizik. Hala ere, oposizioan lan egiten jarraituko dugu. Eta eskerrak eman nahi dizkiet herritar guztiei, udaletxeko langileei eta zinegotzi ohiei. Hau ez da hemen bukatzen eta zuen laguntza eta babesa behar dugu aurrera jarraitzeko». 
Aurrez, 17 zinegotziek karguei zin egin zien. Honako kideek osatzen dute Udal taldea: Andoni Gartzia, Ione Olatziregi, Ander Goikoetxea, Ainara Vazquez, Iker Goñi eta Tere Bernal (EH Bildu); Jesusmari Santos, Zorione Etxezarraga, Juan Martin Arregi, Ramon Aranzasti, Olaia Pastoriza eta Nerea Zusberro (EAJ-PNV); eta Mikel Duran (PSE-EE). 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!