Giza katea izan bazen iazkoa, oihal katea egingo dute aurten, Euskal Herriko hiriburuetan. Ekitaldi nazionala antolatu du Gure Esku Dagok, igande honetan, eta hernaniarrek Donostian izango dute zita. Eguerdiko 12:00etan egingo dute oihal katea, Urumea ibaiaren sei zubien artean, eta dei egin diete herritarrei bertaratzeko, azken hilabeteotan osatu dituzten oihalekin.
Ondoren, 12:30etatik aurrera, kalejirak eta musika izango dira alde zaharreko kaleetan. Eta arratsaldean egingo dute ekitaldi nagusia, Anoetan, 17:30etan. Aurreratu dute, «ekitaldi mundiala, apartekoa, ikaragarria» izango dela, eta ikusteko sarrerak salgai dauzkate, Gure Esku Dagoren lokalean: gaurtik ostiralera, 11:30-13:45 eta 17:00-19:00; eta larunbatean, 11:30-13:45. Helduen sarrerak 10 euroan daude, haurrenak 5 euroan, eta bi urtetik beherakoak doan, baina sarrera hartu behar dute.
«Estadioak bete behar ditugu, munduari erakutsi erabaki nahi dugula!»
Oihalak egiten aritu dira herritar asko, jostun lanetan. Horien artean daude Nagore Aranzabal, Maitane Vecino, Maialen Perez eta Irati Sarasua ere, eta herritar guztiak animatu dituzte, igandeko ekitaldira joateko: «ilusio bat edo nahi bat baduzu, ezin zara etxean geratu; altxatu eta Anoetara joateak merezi du. Estadioak bete behar ditugu, munduari erakutsi erabaki nahi dugula!».
Egun polita izango dela uste dute lau jostunek: «egun alaia izango da, koloreak hartuko ditu hiriburuetako kaleak, eta ziur gaude egun ahaztezina izango dela». Eta iazko giza katea ekarri dute gogora: «adin, pentsaera eta izaera oso anitzak eskutik elkartu ziren iaz. Polita da inoiz elkartu ez den jendea gure etorkizunagatik, gure eskubideengatik eta gure herriagatik, oinarrian helburu beragatik, batuta ikustea».
«Polita da inoiz elkartu ez den jendea, gure etorkizunagatik, gure eskubideengatik eta gure herriagatik batuta ikustea».
«Herriaren nahia eta indarra erakusten du Gure Esku Dagok»
Azaldu dutenez, Gure Esku Dagok erakutsi du, herritarrena dela erabakia: «herritarrak lehen lerroan jarri behar garela, eta aniztasunean, bat egiten gaituzten gauzak badaudela». Uste dute, herritarrengan sortu duen ilusioa eta gogoa dela, Gure Esku Dagok gizarteari egin dion ekarpen onena: «nahiz eta oraingoz zerbait sinbolikoa izan, herriaren nahia eta indarra erakusten du».
Lau jostunek nabarmendu dute, aldarrien ezkortasunetik aldendu dela Gure Esku Dago: «aldarriak giro ezkorrean egin izan dira urte askotan, eta hori irauli du mugimendu honek. Kolorea, bizitasuna eta alaitasuna eman dizkio mobilizazioari, eta horrek erakargarri egiten du».
Familia Gunea, Ilunben
Igandean, zenbait gune izango dira Donostian. Anoetako estadioan, 11:00etan irekiko dituzte ateak, eta jatekoa eta edatekoa izango dira. Miniestadio inguruan, berriz, kontzertuak izango dira egun osoan.
Eta Ilunben, Familia Gunea jarriko dute. Denetik izango da bertan: puzgarriak, tailerrak, abentura parkea, apar festa... 11:00etan irekiko da gunea, eta 12:30etan Ilunbe izarrez argitu ikuskizuna izango da (sarrerak aurrez erosi behar dira), eta paellada eta dantzaldia ere egingo dira, ondoren.