«Herriko txokoak erretratatu eta istorio bana sortu diegu euskeraz»

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 16a, 02:00

Hernanin, euskeraren ezagutza zabala bai, baina erabilpena eskasagoa dela ikusita, Hamaika hitz, hamaika txokoetarako egitasmoa jarri dute martxan, AEKk eta herriko ikastetxeek. Eta erabilpen hori sustatzeko, aurreneko proposamena izan da ibilbide grafiko-literario bat egitea herriko txokoetan barrena.
Hernani Institutuko 24 ikasle eta bi irakasle aritu dira lanean, DBH 3 eta 4koak, AEKko beste bi irakaslerekin. Otsailetik maiatzera, astearte arratsaldetan bilduta, herriko txokoak erretratatu dituzte, argazkiak eginez eta bakoitzari istorio bat sortuz.

Erakusketa ikusgai, Biterin
Argazkiak eta testuak ikusgai daude, etzi arte, Bite­rin jarri duten erakusketan. Eta liburu bat ere osatu dute, horiekin.
«Esperientzia oso polita izan da, gogoz egoten nintzen asteartea iristeko», azaldu dio Souhailak, ikasleetako batek, Kronikari: «bakoitzak egin du gustoko zuen zerbait, eta ar­gaz­ki politak egin ditugu. Isto­rioak sortzeko, berriz, ima­gi­na­zioa behar izan dugu. Leku bakoitzarekin lotuta, istorio bat idatzi dugu, eta askotan, argazkia egiten ari ginenean, gure istorioa sor­tzen genuen buruan, aldi berean».

Herriko toki ezberdinen argazkiak eta istorioak egin dituzte ikasleek, eta ikusgai daude Biterin, osteguna arte.

«Euskera gehiago erabiltzen lagundu digu egitasmoak»
Marokoarra da Souhaila, eta duela lau urte hasi zen euskera ikasten: «kalean eta lagunekin egiten dut euskeraz, eta egitasmoak lagundu dit euskera gehiago erabiltzen. Oso gustora aritu naiz, eta argazkiak egiten eta taldean lan egiten ere ikasi dut».
Herritar guztiak animatu ditu erakusketara hurbiltzera: «argazki eta testu politak egin ditugu. Gainera, 6.000 argazki baino gehiago atera ditugu hilabete hauetan. Gero lanak izan ditugu aukeratzen!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!