«Nazioarteko solidaritate sarea sortzen da»

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 15a, 02:00

Asanblada irekia deitu da gaurko, arratsaldeko 18:00e­tan, Plaza Feministan. Asmoa da Emakumeen Mundu Mar­txa zer den ezagutzea, eta egun horren bueltan, bai San Joanetan eta baita urte osoan zehar ere, egin daitezkeen ekintzak proposatu eta antolatzen hastea.
Hain zuzen, Kattalin Miner hernaniarra izango da bertan azalpenak emateko, Emaku­meen Mundu Martxaren antolakuntza lanetan ari baita.

Zer da Emakumeen Mundu Martxa?
Euskal Herrian, EMMa iga­ro­tzea beti izan da garran­tzi­tsua, 15 urte hauetan oso pre­sente egon dena. EMMk ema­kume eta alda­rri­ka­pen ani­tzak biltzeko gaitasun hori era­kutsi du beti, eta ho­rre­ga­tik, besteak beste, bere arra­kas­ta. Azken batean, ema­ku­me­en eskubideen alde  mun­du mai­lan ematen den mobi­li­zazio bat da, baina tokian tokiko beharrei behatzen dakiena. Hala, nazioarteko solidaritate sare zabal bat sortzen da, tokian tokiko sareak in­dar­tzen diren artean.

«Herriek autonomiaz jokatzen dute; haientzako lehentasunak zehaztea da helburua»

Eta Hernanitik pasako da...
Aurten karabana bat abiatu da Europa osoa zeharkatu, alda­rrikapenak jaso, eta gugana azken txanpan iritsiko dena. Martxoaren 8an abiatu zen Kurdistandik, Euskal Herrira irailaren 28an helduko da, eta Hernanira, urriaren 1ean. Testigua galiziarrei pasako diegu, urriaren 4an.

Gaurko asanbladan, hortaz, tokiko aldarrikapenak jasoko dira?
Emakumeen Mundu Mar­txa­ren inguruko azalpen zeha­tza­goak emango ditut gaur; nondik datorren, zer den, nola lan egiten dugun... Eta aurtengo ekintzaren ardatz orokorrak azalduko ditut. Baina, batik bat, Hernanin egin beharrekoak zehaztea da kontua. Herriek auto­no­mi­az jokatzen dute, haien­tza­ko lehentasunak zein di­ren zehaztuz eta aldarri­ka­pe­nak beren beharren baitan kokatuz. Hori da helburua.

Urriaren 1erako ekintzak proposatuko dira, hortaz?
Hori egun bat da, baina be­ro­ke­ta kanpaina, honen bueltan egin daitezkeen ekin­tzak, eta he­rriko ema­ku­me­en artean sortzen diren di­namikak dira in­teres­ga­rri­ak. Horregatik, gaur­koa espa­zio irekia eta ani­tza da. Elka­rrekin lan egitea abe­ras­ga­rria da. Informazio gehiago: info@emakumeen­mundumartxa.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!