Parranda pixka bat egin ostean, gustora hartzen da gosari eder bat eta horretarako aukera izango da Dobera-Kronikako txosnan, San Joanetan. Azken bi urteetan egin bezala, gosari goxoak izango dira ordu txikitan: pintxoak, bizkotxoak, edari frexkoak, kafea, txokolatea... Aukera bikaina gauari bukaera gozoa emateko edo egunari indarrean ekiteko.
Aurten, ordubete lehenago
Oraingoan, gainera, aurreko urteetan baino ordubete lehenago irekiko ditu ateak txosnak. Hain zuzen, goizeko 04:00etatik aurrera egongo da zabalik. San Joanek iraun bitartean, egunero izango da bertan gosaltzeko aukera, ekainaren 24tik 27ra. Iaz, afariak ere eman ziren, baina aurten lehenengo urtean bezala, gosariak bakarrik emango dira.
Lagundu nahi dutenek Dobera edo Kronikan jakinarazi behar dute guztia behar bezala antolatzeko.
Laguntzeko prest daudenak, ongi-etorriak
Dobera-Kronikak asko estimatuko du eta gustora hartuko du boluntarioen laguntza, txosna aurrera eramateko: txosnako txandaren bat eginez, edo gosaritarako zerbait ekarriz (bizkotxo, madalena, opila, dena delakoa...). Lagundu nahi duten herritar eta bazkideek Dobera edo Kronikan jakinarazi behar dute 943 33 08 99 telefonora deituz edo kronika@kronika.eus helbidera idatziz.
15 urte, Kronikak
Hernaniko Kronikak 15 urte beteko ditu ekainaren 23an. Urte guzti hauetan jasotako laguntza eta babesa sekulakoa izan da herritar, talde eta instituzioen aldetik eta eskerrak emateko aprobetxatu nahi dute Doberak eta Kronikak. Eta aldi berean, txosnara gerturatzeko deia ere egin nahi diete hernanir eta inguruko herritarrei.