Urtero bezala, festa haundi batekin itxiko du ikasturtea, Astigarragako Musika Eskolak. Gaur egingo dute XV. Musika Eguna, kurtsoari bukaera emateko, eta goizetik bazkalordura, kantua, musika eta jaia ez dira faltako.
Txistulariek emango diote hasiera festari, eta goizeko 09:30etan esnatuko dute herria, dianarekin. Ondoren, elizan izango du zita musikak, kontzertu berezi batekin, bertan eskainiko baitute emanaldia tailerreko haurrek, 10:00etatik aurrera.
Festak segida, Foru Plazan
Elizatik kalejiran abiatuko dira Foru Plazara, AHIT taldearekin, eta bertan segiko du festak. Aurrena, pop taldeek joko dute, 11:30etan; eta gero, AHIT taldea, Iratzar abesbatza eta Name Big Band ariko dira, 13:30etan. Bukatzeko, EMUSIK 2016 jaialdiko Musikatu bizitza doinua jo eta abestuko dute, ikasle eta irakasleek.
XV. MUSIKA EGUNA, gaur
09:30, txistularien diana.
10:00, tailerreko haurren emanaldia elizan.
10:45, AHIT taldearen kalejira elizatik Foru plazara.
11:30, Pop taldeen emanaldia Foru Plazan.
13:30, AHIT, Iratzar abesbatza eta NAME Big Band.
Bukatzeko, ikasle eta irakasleek EMUSIK 2016ko jaialdiko Musikatu bizitza doinua jo eta abestuko dute.