Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista ezagunak solasaldia edo hitzaldia eskainiko du gaur Goizuetan. Zeraingo proiektuaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat da eta proiektuaren inguruko azalpenak emanen ditu. Hau da, proiektuaren gakoak azalduko ditu, Goizuetarako baliagarriak izan daitezkeenak. Goizeko 11:30etatik aurrera izanen da, udaletxeko ganbaran.
Zer egin, herriko bizi kalitatea mantentzeko?
Herri txikiek izan ohi dituzten galdera eta kezkak oinarri hartuko ditu Errekondok: Zer egin gure herriko bizi kalitatea mantentzeko? Auzolana, etxebizitza kolektiboa, baserritarrak, ondare kulturala... Lanpostuak edo inbertsioak behar al ditugu herriari eusteko? Nola indartu kontzientzia soziala? Zer egin herri txikietan biztanleriari eusteko?
Umore Ona elkarteak antolatutako saioa da eta herritarrei gonbidapena luzatzen diete animatu eta bertaratzeko.
Ikastaroa: sukaldaritza makrobiotikoa
Umore Onak ikastaro bat ere antolatu du: sukaldaritza makrobiotikoa. Asteazkenean izan zen lehendabiziko saioa eta bigarrena datorren asteazkenean izanen da, 18:00etatik 21:00etara. Gorka Gereño ari da zuzentzen ikastaroa. Parte hartzeko, izena eman behar zen.