Arratsaldeko 17:00etan, Zubietan eraiki nahi den Errauste Plantaren kontrako pitada masiboa egingo da, Foru Aldundiaren parean. Zero Zabor mugimenduak antolatu du, eta deialdiarekin bat egin dute Eguzkik, Koordinadorak eta Greenpeacek.
Ordu erdi beranduago, berriz, 17:30etan, AHT Gelditu Orain! aldarrikapena zabaltzeko deia egin dute Euskal Herriko partidu, sindikatu eta talde askok.
Hernanin Zero Zabor taldeak dei egin die hernaniarrei, bi deialdi hauetan parte hartzeko.
«Bi azpiegituren ondorioak sufritzen ditugu»
Hernanin Zero Zaborrek hainbat arrazoi eman ditu bi protesta horiekin bat egin eta deialdia herritarrei zabaltzeko. «Hernaniko herritarrok geure etxean eta bizitzetan sufritzen ditugu alferrikako bi azpiegitura erraldoi horien ondorioak. Zero Zabor ereduan ari garen herri askok aspaldi demostratu dugu hondakinak kudeatzeko ssitema hobea, merkeagoa eta osasuntsuagoa badela, baina hala ere, EAJ-PNVk eta PSEk multinazionalei oparitu nahi diete errauskaliu bat Zubietan, haiek negozioa egin eta, bai gu eta bai gure seme-alabak betirako zorpean sartuz».
AHTaren kontrako jarrera ere arrazoitu dute. «Abiadura Handiko Trena alde askotatik astakeria dela ere demostratuta dago. Sekulako zorra eragiten du, ez du garraioa hobetzen, eta Euskal Herriko lurra alderik alde ari da txikitu eta izorratzen. Eta, hala ere, EAJ-PNVk eta PSEk aurrera segitu nahi dute astakeria horrekin».
Osiñagatik ere deia
Osiñagako auzotarrek ere dei egin dute AHTaren obrak gelditzeko egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Alderdi Ederretik.