Gaur izango du bere egun haundia, aurtengo Tilos 7 Pasa txapelketak. Hiru finalak jokatuko dira, goizeko 10:00etan hasita, eta palista onenak ariko dira lehian, torneoko txapelaren bila.
Hasiera batean, arratsaldean ziren jokatzekoak finalak, 17:00etan hasita. Baina eguraldi txarra dago emanda, eta ondorioz, goizera aurreratzea erabaki dute.
Aurrena, bigarren mailakoa
Jokatuko den aurreneko finala, bigarren mailakoa izango da. Magi eta Txema ariko dira, Imaz eta Elizalderen kontra. Aste honetan, bi kanporaketa gainditu dituzte Magik eta Txemak, final laurdenetan Arruti eta Urdiaini irabazita, eta semifinaletan Goia eta Zurutuzari. Imazek eta Elizaldek, berriz, Ezeiza eta Estefano utzi dituzte kanpoan.
Aurreneko mailako finalean, Elejalde eta Navarro ariko dira, Zubimendi eta Ramosen kontra.
Nesken finala, 11:00ak aldera
Segidan, neskek hartuko dute txanda, 11:00ak aldera, eta Tejedor eta Tolosa ariko dira finalean, Lendinez eta Bañalesen kontra. Aurrenekoek, Tejedortarren bikotea kanporatu zuten semifinaletan, eta Lendinez eta Bañalesek, Cabrera eta Ugalderi irabazi zieten.
Aurreneko mailakoa, azkenik
Eta txapelketa ixteko, aurreneko mailako finala jokatuko da, eguerdiko 12:00ak inguruan. Elejalde eta Navarro ariko dira, Ramos eta Zubimendiren kontra. Aipatzekoa da, Euskal Herriko txapelketa irabazi berri dutela Ramos eta Zubimendi, aurreko asteburuan Oiartzunen, bigarren urtez segidan. Maila haundiko finala espero da, beraz.