Nepalen izan zineten Aste Santuan. Nolako bidaia izan zen?
Bidaia zoragarria izan zen. Esperientzia haundikoa. Aukera eman digu zuzen-zuzenean bertako jendearekin egoteko eta bertako toki bereziak ezagutzeko. Katmandura iritsi eta lehenengo bi egunak Monastery Boudhanaten eman genituen, bertako bizitzan murgildurik; zoragarria.
Zenbat lagun joan zineten?
13 kide joan ginen Nepalera, tartean 5 astigartar eta 4 hernaniar, gehienak Foto-eskolako ikasleak: F.J Preciado, Rosa Morla, Eneko Bilbao, Aiala Zubieta, Marina Bello, Joxe Mari Gorrotxategi, Aitor Aldasoro, Ana San Sebastian, Rosana Mujika, Aritz Irastorza, Aritz Arrondo, Nagore Legarreta eta ni. Guztiok joan ginen argazkiak ateratzeko zaletasun haundiarekin eta ongi pasatzeko helburuarekin, ez besterik.
Nondik sortu zen ideia, Nepalera bidaia egitekoa?
Nagore Legarreta irakaslea leku ezberdinetan dabil argazki klaseak ematen. Duela bi urte, Aritz Arrondorekin topatu zen, bi zaletasunak batu zitzaketela bururatu zitzaien, bidaiatzea eta argazkiak egitea, eta martxan jarri zuten. Dagoeneko beste bi bidaia ere egin ditugu, aurreko biak Indiara. Aipatu behar da Aritzen inplikazioa, eta India eta Nepalekin duen harreman zuzenari esker izan dutela bidaia hauek horrelako arrakasta.
Zer topatu zenuten bertan?
Nepal barrualdetik bidaiatzea, abentura bat bizitzea baino gehiago izan da. Bizipenez beterik, jendearekin hartu-eman zuzenarekin. Oso jende alaia, eskuzabala eta langilea da. Horrelakoak dira bertakoak, apalak eta atseginak.
Bereziki haurrak dira zoragarriak, nahiz eta ezer gutxi eduki beren begirada beti izaten zen alaia. Hiri haundietan, Katmandun esate baterako, beste egoera gogorragoak ikusten dira. Gabezi haundiak dituzte eta kaosa izugarria da.
«Jendeari ateratako argazkiak dira berezienak. Aukera zegoen guztietan, baimena eskatu eta argazkia ateratzen genien. Eta argazkia erakutsi ondoren, beraien esker ona jasotzen genuen».
Zuek bertan egon eta gutxira gertatu zen lurrikara.
Bai, lurrikara izan baino bi aste lehenago Katmandun bertan ginen, etxerako bueltarako prest. Azkeneko argazkiak Durvar plaza eta Bodnath estupakoak ditugu. Horiek, lurrikararekin txikituta geratu den eremuan bertan daude. Monumentuak, tenpluak, estatuak… Zoragarria zen, eta egun ez da ia ezer geratzen.
Lurrikararen berria entzun, eta hasieran Katmandu hiriko hildakoen datuak atera ziren. Guk ezagututa mendialdearen ezaugarriak nolakoak ziren, bagenekien mendian izandako hondamendia izugarrizkoa izango zela, eta zoritxarrez gure beldurra konfirmatu zen handik gutxira.
Ateratako argazkiekin, proiekzioa egingo duzue gaur. Nolakoa izango da?
Proiekziorako, joandako bakoitzaren 15 bat argazki aukeratu ditugu. Oso zaila egin zaigu aukeraketa, argazki gehienek istorio edo kontakizun bat dutelako atzetik, eta hori oso polita da. Gure bizipenak transmititzen ahaleginduko gara, eta datozenenen galderak erantzuteko gogotsu gaude.
Zer erakusten dute, bildu dituzuen argazkiek?
Orokorrean, leku zoragarri asko ikusten dira. Bertan ikusi ditugun mendiak, Dhaulagiry, Anapurna, Machapuchare… Eta herriak Muktinath, Marpha, Kagbeni, Ghorepani... Zaila da bizipen horiek argazkietan islatzea baina neurri haundi batean lortu dugu, sentimendu haundiz egindako argazkiak dira.
Jendeari ateratako argazkiak dira berezienak, esperientzia zoragarria izan zen. Aukera zegoen guztietan, baimena eskatu eta argazkia ateratzen genien. Argazkia erakutsi ondoren, beraien esker ona jasotzen genuen.
Argazkiak erosteko aukera ere izango da goizean zehar, Foru Plazan.
Hala da, bai. Mota guztietako argazkiak jartzen ahalegindu gara erretratua, paisaia eta abar. 10 eurotan egongo da salgai, argazki bakoitza.
Eta bildutako dirua, Nepaleko familia batentzako izango da.
Bai, Katmandun bizi den familia batekin dugu harreman zuzena. Haiek, guk bidalitako dirua Chisapani herrira bideratuko dute.
Bidalitako diruarekin, 40 familiarentzat 40 kilo arroz, bi kilo dilista, bi kilo azukre, hiru litro olio, gatza eta tea erosiko dira. Eta baita sukaldatzeko behar duten guztia ere: lapiko azkar horietakoak eta abar.
Modu berean, gurekin trekinean etorritako gidei laguntzeko ere izango da: Nagendra lurrikararen ondorioz, bere etxeak kalte asko jasan zituen eta teilatua konpontzeko 300 euro bidaliko dizkiegu.