Maiatza eta ekainean jarri da martxan BiziOn proiektua. Axun Larburu eta Marijo Arrieta izan dira sortzaileak, eta orain arteko oso balorazio positiboa egiten dute. «Irailean proiektuak jarraitzea gustatuko litzaiguke, eta eskolarako joan-etorria bizikletan egiteko aukera goiz eta arratsaldez ematea. Baina boluntario gehiago behar ditugu. Nahi duenak deitu dezala: 687 841 628».
Nola bururatu zitzaizuen ekimen hau martxan jartzea?
Gure filosofadetatik sortu zen! Arazoa ikusten genuen eskoletan, kotxeak pilatuta egoten dira. Zerbait egin nahi genuen hori hobetzeko, eta ikusi genuen hiri haundi batzuetan, Madrilen, Bartzelonan, egiten zutela horrelako zerbait. Hemen pega aldapak eta eguraldia dira, baina beste toki batzuetan egiten badute...
Nola egituratu zenuten ideia?
Ibilbide bat pentsatu genuen, auzoz auzo, punta batetik bestera joan eta bidean haurrak biltzeko, Etxeberritik hasi eta Hernaniko eskola guztietara joateko. Proposamena egin genuen udaletxean, hezkuntza zentroko ordezkariak hilero biltzen baitira bertan. Ideia gustatu zitzaien. Eskoletan banatzeko galdetegia ere prestatu genuen. Idatzi bat prestatu genuen, azaltzeko gure ustez Bide Heziketa landuta teoria ikasten dutela haurrek, baina praktikan kontrakoa jasotzen dutela: kaosa, kotxeak ate ondoan, estresa, eguna gaizki hastea... Zergatik hasi gaizki, eskolara joan bagaitezke jolas moduan, era dibertigarri eta polit batean?
Hortaz, helburua da kotxeak baztertzea?
Helburuak dira bidegorri sarea erabiltzea, herritarrek ikustea erabili daitekeela, kutsadura gutxitzea, kotxe gutxiago mugiaraztea, eskola desberdinak ezagutaraztea, haurrek autonomia lantzea, auzoetara gerturatzea...
Maiatzean hasi zenuten poriektua. Nolako erantzuna jaso duzue?
Erantzuna polita izan da. Eguraldi onarekin 25-30 ume gerturatu dira, eta eguraldi txarrarekin, 4-6 inguru. Egunero izaten da norbait, eguraldi txarra izan arren. Eta ikusiz ikasten da. Ikusiz, jende gehiago animatzen da.
Nola egiten duzue ibilbidea?
Goizeko 08:30etan elkartzen gara Etxeberriko bolatokiaren aurrean. 08:33tan Haurreskolaren parean beste ume batzuk jasotzen ditugu. 08:36etan, Antziolako errotondan, gehiago. 08:42etan ertzainen gunearen parean beste batzuk. Eta Urbieta kalean oraindik jendea gehitzen da! Atzean udaltzain bat joaten da, taldea itxiz. 08:50etarako ume bakoitza bere eskolan dago, bizikleta utzita. Elizatxora ez gara iristen; oraingoz, zaila ikusten dugu.
Eta eguraldi txarrarekin?
Ez dira hainbeste oso eguraldi txarra egiten duten egunak! Parte hartzeko baldintza bakarra da kaskoa ekartzea, eta gurasoei esan genien eskolan uzteko aldatzeko erropa, bustiz gero, aldatu ahal izateko. Kirola egin bitartean, ez zara hozten. Bi hilabetetan, bi egun izan dira txarrak, eta hala ere, umeek nahiago izaten dute bizikleta.
Eredu eman behar izaten dela eta... Ibiltzen al zarete zuek bizikletan?
Asko! Bizikletak badauka zerbait; hegoak ematen ditu, txoriak entzuten dira... Guretzat garraiobide bat da. Hortik sortu zen ideia. Horretan sinesten dugu.