Udal Euskaltegiak martxan jarritako ekimena izan da Kafe Tertulia. Asteazkenero, Gunea garagardotegian elkartu, lagun berriak egin, eta patxadan, euskera praktikatzeko aukera izan da. Azken saioa herenegun egin zuten, eta 16 lagun inguru elkartu ziren.
«Inguruan ez daukagu euskera praktikatzeko nahi adina aukera»
Marisa, Ana eta Pili dira asteazkenetako saioetan parte hartzen duten lagunetako batzuk. Denek nabarmentzen dute «halako ekimenak oso positiboak» direla. «Euskaltegitik kanpo euskera praktikatzea oso ezberdina da», dio Marisak. «Eguneroko bizitzan hitz egiten ikasten da halako ekimenekin».
Ana eta Pilik ere hala uste dute. Izan ere, azpimarratu dute: «inguruan ez daukagu euskera praktikatzeko nahi adina aukera. Hau euskera praktikatzeko beste modu bat da. Euskaltegitik kanpo, beste giro batean, beste gai batzuen inguruan aritzeko aukera ematen digu».
Titulua ere bai
Euskera ikastea dute helburu denek, «poliki, lasai, gure erritmora...». Baina baita titulua lortzea ere.
Marisa Kantabriatik etorri zen Hernanira orain 20 urte, eta euskerak deklinabideak zituela konturatzean, jakinminak jota joan zen euskaltegira. PL2 titulua ere atera zuen.
Ana, berriz, orain 20 urte hasi zen euskera ikasten, eta etenaldi baten ondoren, berriro heldu dio. PL1a badu eta bigarrena lortu nahi du.
Pili ere ibili da euskaltegian, eta titulua atera nahi du, baina bereziki, hitz egiteko ohitura hartu nahi du.