Laugarren urtea bada, asteazkenero elkartu eta Berriketan aritzen direla, Ereñotzuko 16 bat ‘gazte’. Araitz Aira dinamizatzaileak lagunduta, jokoan eta kontu zahar eta berrietan aritzen dira. Sasoi betean daudela argi erakutsi dute, eta, aurten, San Antonio jaiei hasiera emango dien txupinazoa botatzeko gonbitea jaso dute. Ekainaren 12an izango da hori, 20:00etan.
«Baten bat aterako gara, arrastaka bada ere!» diote brometan. Izan ere, etxeferoak botatzen esperientzia haundia duenik ere bada tartean. «Franko boteak bagaude, lehenago ere!», diote. «Ehiztariak dira eta!», beste batek, ondotik.
Festarako pronto, baina lehengoak nahiago
Asteazkenero, gutxi gorabehera, 16 bat lagun biltzen dira, Berriketan ekimenaren bueltan: Inazita Oiarbide, Imanol Miner, Anselmo Aranburu, Kontxi Urdanpilleta, Dolores Miner, Kandi Susperregi, Antonio Oiarzabal, Maria Pilar Irazusta, Mari Karmen Susperregi, Pati Loperena, Maria Jesus Huizi, Maddi Oiarbide, Julene Miner, Maixux Oskoz, Joxe Mari Oiarbide eta Manoli Ormaetxea.
Festak hasteko txupinazoa botako dutela eta, pozik daude. «Etxekolan guztiak eginda, pronto-pronto gaude festarako! Frontoian herri afaria egingo da, eta joan izan gara, baina pagatuta! Aurten, gonbidatuta omen gaude! Ez dugu pagatu beharko!», diote pozik. Baina beti izaten da adar-jotzaileren bat tartean... «Andaluza izaten genuen txofer lantokian, eta hark ere halaxe esaten zuen, gonbidatu egiten gintuela zerbait hartzera. Eta gero: ya os he convidado. Ahora, ¡pagar vosotros!».
Lehengo kontuak atera direla eta, San Antonioen errepasoa egiteko aprobetxatu dute. «Hemengo musikarekin gortu egiten gara, eta Ugaldetxoko trikitixa gustatzen zaigu», dio Imanol Minerrek. «Horrek tripako mina edukita ere, Ugaldetxora tiratzen du beti!», diote ondotik. Orokorrean, bertsolariak eta aizkolariak dituzte gustuko. «Batzuk balkoitik ikusten ditugu!». Baina lehengo garaiak modu berezian gordetzen dituzte gogoan.
«Lehen beste tankera batekoak izaten ziren festak; sanoagoak... Orain, dianan ere, tragoa eskuetan dutela ateratzen dira!»
Ziklistak, zinta karrerak, eta baita boxeoa ere!
Oraina eta lehena konparatzen hasita, orduko San Antonioak ekarri dituzte gogora. «Lehen denak barriokoak izaten ginen, eta bat ere dirurik kostatu gabe egiten genituen! Hartu karretillak, igelez beteak, eta saltoka aritzen ziren...», gogoratzen du batek. Eta hitza kentzen dio hurrenak, segidan: «Karrera ziklista ere izaten zen, eta denak bertakoak izaten ziren. Zinta karrera ere egiten zen, baina orain kaminoan ez dute uzten...». Eta hurrenak, atzetik: «Barrioko gazteek aste guztia jai hartzen zuten! San Antonio eguna hemen, eta hurrengoak, Irubidietan eta Ugaldetxon pasatzen genituen».
Bestelako ekintza gehiago ere izaten zirela gogoratzen dute. «Maddiren gizona boxeoan aritzen zen, Fagollagakoarekin. Apaizari dirua eskatu zioten, antolatzeko, eta harek esan: zerbait izango da! Gero hor aritu ziren: hi Joxe, xuabe eman!».
Lehen egunez; orain, gauez
Garaiak aldatu direla nabarmentzen dute. «Lehen beste tankera batekoak izaten ziren festak; sanoagoak... Oran, dianan ere, tragoa eskuetan dutela ateratzen dira! Gu limonada hartzera gonbidatzen bagintuzten, nahikoa! Gu eguna pasatzera joaten ginen, sagastian bazkaltzera. Orain, aurrenekoak 02:00etan etortzen dira! Txilibitan ere musika izaten zen, eta jana ere ematen zuten».
Festarako gogorik ez da falta
Lehengo garaiak modu berezian gogoratzen badituzte ere, festarako gogorik ez dute falta: «Soinua ere izaten da eta, pozik!».