Festarako aitzakia gutxi behar izaten dela eta, Ereñotzun denetik prestatu dute, San Antonioen bueltan. Hilaren 13a da San Antonio eguna, baina dagoeneko hasiak dira festetarako motorrak bertozen.
Atzo, Ur Miako XXX. Mus Txapelketa izan zen, eta bihar, Ereñotzuko II. Kross Txikia egingo da 10:00etan, eta Ereñotzuko V. Mendi Lasterketa, 10:30etan. Izena emateko aukera izango da oraindik bertan, 09:30etan
Gainontzean, festak datorren ostiralean hasiko dira, Berriketan ekimeneko partehartzaileen eskutik, baina ostegunean izango da zerekin gozatu, Ugaldetxon.
Ugaldetxon, aurreneko dantza saioak
Asteburu honen ondoren, festa giroan bete-betean sartuko dira ostegunean Ugaldetxon. Hasteko, pelota eta pala partiduak jokatuko dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Ondoren, bertsotan ariko dira Unagi Agirre, Iker Osa eta Oier Iurramendi.
Segidan, 19:00etan, toka txapelketa jokatuko da, eta hori bukatuta, festetako aurreneko dantza saioa egiteko aukera izango da, Kupela taldearekin.
Txirrita ikastetxeko jaialdia, ostiralean
Festen hasiera ofizialaren aurretik, berriz, Txirrita ikastetxeko ikasleek jarriko dute kolore eta magia punttua. Ikasturte bukaerako emanaldia egingo dute ostiralean, 15:00etan hasita.
Gero, Berriketan ekimeneko partehartzaileek hartuko diete testigua; hauek ere, festen hasiera ofizialaren aurretik. 17:30etan hasita, karta jokoak egingo dituzte plazan. Jaiei hasiera emateko etxaferoa, berriz, 20:00etan botako dute, «apaizaren etxetik». Eta 20:30etan herri afaria izango da frontoian. Segidan, kantudantzaldia antolatu dute, Kiztiñe Solano eta Idoia Arriola trikitilariekin, eta karaokea ere izango da.
Herri kirolak, sagardo dastaketa eta bertsolariak, asteburuan
Larunbata izango da San Antonio eguna, eta denetik izango da. Hasteko, eguerdiko 12:00etan herri kirolen erakustaldia izango da: harrijasotzen ariko dira Izeta IV eta Jokin Eizmendi, eta aizkoran, Ugaitz Mugerza eta Bihurri.
Hauek bukatuta, bertsolarien txanda izango da: Jexux Mari Irazu eta Sebastian Lizaso ariko dira kantuan. Arratsaldeko 17:00etan, berriz, bola eta toka txapelketak jokatuko dira, eta gauean, Laiotz taldeak jarriko du dantzarako musika.
San Antonio bezperan, txupinazoaren ondoren, herri afaria egingo da, eta txartelak salgai daude dagoeneko, Irrintzi tabernan.
Hurrengo egunean, berriz, txistularien dianak esnaraziko ditu auzotarrak. Gero, 11:30etan, pala eta pelota partiduak jokatuko dira, eta 12:00etan sagardo dastaketa izango da.
Arratsaldeko 18:30etan, berriz, punta-puntako bertsolariak ariko dira bertsotan.
Umeek txoko berezia, San Antonio egunean
Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta, umeentzako egitarau berezia ere izango da larunbatean: apar festa, puzgarriak, tailerrak, txokolatada... Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira ekintzak, eta mozorro originalenari ere saria emango diote.
Autobus zerbitzua, Hernanitik
Larunbat gauean festara gonbidatuta dago mundu guztia, eta autobus zerbitzu berezia izango da Hernanitik Ereñotzurako joan-etorria egiteko.
Bestalde, ostiraleko herri afarirako txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko, Ereñotzuko Irrintzi tabernan.
SAN ANTONIO JAIAK
BIHAR
10:00, Ereñotzuko II. Kross Txikia (5-11 urte bitartekoentzat).
10:30, Ereñotzuko V. Mendi Lasterketa, Aiako Harria Parke Naturalean barrena. Irteera eta helmuga, plazan. Izenematea, 09:30etan.
EKAINAK 11, OSTEGUNA (Ugaldetxon)
18:00etan, pelota partiduak: Mutilak eskuz: Apaolaza-Huizi/Insausti II-Oiarzabal eta Arizmendi-Arizmendi/Agirre-Insausti. Ondoren neskak palaz.
Ondoren, bertsolarien saioa: Unai Agirre, Iker Osa eta Oier Iurramendi.
19:00-20:00, toka txapelketa.
Jarraian, Kupela taldearekin erromeria.
EKAINAK 12, OSTIRALA
15:00, Txirrita ikastetxeko ikasleen ikasturte amaierako jaialdia.
17:30, Berriketan ekimeneko partehartzaileekin karta jokoak plazan.
20:00, Berriketan-eko Gazteek emango diete jaiei hasiera, suziriak jaurtiz.
20:30, Herri afaria frontoian (txartelak Irrintzi tabernan salgai). Ondoren, Kiztiñe Solano eta Idoia Arriola trikitilariekin Kantudantzaldia, eta parranda jarraitzeko karaokea.
EKAINAK 13, LARUNBATA
12:00, Herri kirolak, plazan. Harri-jasotzaileak: Izeta IV eta Jokin Eizmendi. Aizkolariak: Ugaitz Mugerza eta Bihurri.
Ondoren, bertsolarien saioa: Jexux Mari Irazu eta Sebastian Lizaso.
17:00-18:00, Bola eta Toka. Hernaniko Bola Txapelketaren hasiera.
Haur jaialdia (Katiluzar Guraso Elkartea)
16:00, Apar festa (aldatzeko arropa ekarri).
17:00, Puzgarriak, tailerrak eta mozorro originalenari saria.
Ondoren, txokolatada.
20:30-21:30, Laiotz taldearen lehen saioa.
00:30, Laiotz taldearekin parranda goizaldera arte.
EKAINAK 14, IGANDEA
08:30, Diana bailaran barrena, Hernaniko txistulariekin.
11:30, Afizionatu mailako pelota partiduak. Neskak paleta gomaz: Perez-Arrieta/Goikoetxea-Huizi. Mutilak eskuz: Santxo-Lizeaga/Arrieta-Aizpitarte
12:00, Sagardo probaketa plazan, Ur Mia elkarteak antolatuta. Sagardotegiak: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-Enea, Olaizola, Goiko Lastola eta Larre Gain.
18:30, Bertso Jaialdia: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Jone Uria eta Agin Laburu.
Jarraian, errifaren zozketa egingo da, eta jaiei amaiera emango zaie suziriarekin.
SAN ANTONIO PARROKIA
Ekainak 13 (San Antonio), Meza 08:00etan, eta Meza nagusia 10:30etan.
Ekainak 14, Meza Nagusia goizeko 10:00etan.
*AUTOBUS ZERBITZU BEREZIA larunbat gauean. Hernanitik, Zinkoeneatik, autobusak aterako dira Ereñotzura, 00:00etan, eta 03:00etan. Ereñotzutik Hernanira autobusak aterako dira 00:30etan, 03:30etan eta 07:00etan.
Jaien antolatzaileak: Jai Batzordea, Ereñotzuko Auzo Udalaren laguntzarekin.