Hilabete ba omen da Jon Apezetxea pilotariak pilotarik hartzen ez duela. «Bestela, monoa sartuko zait!». Izan ere, Aspeko pilotari profesional izatetik, intendente izatera pasa da, 27 urteko goizuetarra.
Nolatan intendente? Espero al zenuen?
Burutik pasa ere ez! Jende askok nahi duen postua izaten da, ardura haundikoa. Astelehen batean deitu zidan nagusiak. Ni Tolosan nengoen, entrenatzen, eta pentsa zer nolako bidaia egin nuen handik Eibarrera, ofizinara! Txarrena pentsatzen ari nintzen. Kontratua irailean bukatzen zitzaidan eta...
Asko kotsa zaizu erabakia hartzea?
Bat ere ez! Hantxe bertan esan nuen baietz! Ez nuen galdetu zenbat denborarako izanen zen, edo soldata zenbatekoa izanen zen. Eta ematen duenez, luzerako proiektua da, beraz, kontentu!
Aldea nabarituko zenuen pilotari izatetik intendete izatera pasata...
Orain kezka eta kezka eta kezka izaten dut! Ni lehen ez nintzen preokupatzen. Jokatu eta kitto. Azkenean pilotaria oso berekoia da. Berea besterik ez du ikusten. Lehen, horixe egiten nuen: entrenatu, pixka bat kuidatu eta ongi jokatzen saiatu. Orain, begiratu behar diezu pilotariei eta enpresari. Hor zaude, pilotarien eta nagusien artean, bitartekari. Lan zaila da. Denen gustoa egitea ez da erraza izaten.
Oraingoz behintzat, ez zara bakarrik ari: Martin Alustiza eta Jokin Etxaniz dauzkazu lagun.
Teknikoen talde horretan sartu naiz, bai. 23-24 pilotari daude Aspen. Alustiza ibiltzen zen goizean iruñeara joaten, eta gero Eibarrera, eguna Tolosan bukatzeko. Denetan. Eta ezin zen. Orain, Jokin Etxaniz eta ni entrenatzen aritzen gara, eta Alustiza materialaz arduratzen da. Frontoian orduak sartzen ari naiz behintzat! Entrenatu, pilotak aukeratu, pilotariak ezagutu, pilotak paratu... Ekipo bat, talde bat gara, enpresa batekoa, eta Aspeko pilotariei zer komeni zaien begiratzen dugu. Orain ni naiz gaiztoa... Lehen neronek botatzen nizkion kulpak intendenteari!
«Hernaniko San Joanetan pare bat egun, eta Goizuetako peñen eguna ez ditut galtzen. Horiek kontratuan daude!»
Gainerako pilotariekin harremana asko aldatu al da? Lehen haien kide zinen...
Aldageletan giroa jartzen zuena ni izaten nintzen lehen, eta orain diferentea da! Baina pilotariekin ongi moldatuz gero, ez dago arazorik. Nik pilotari denekin hitz egin dut: zer komenoi zaien, zer nahi duten... Saiatzen naiz ahalik eta hobekien zaintzen eta eskatzen dutena ematen.
Baina batzuk lagunak ere izanen dira... Faboritorik ba al daukazu?
Faboritismorik ezin da eduki! Neutrala izan beharra daukat, bestela, nabarmen geratuko litzake. Adibidez, Aritz Lasa edo Mendizabal IIIarekin oso ongi moldatzen naiz, eta ezin dut harremana horrela moztu. Orain, kontuz ibili behar da! Baten batekin afaltzera joan eta ikusten bagaituzte, gero apustuak izaten dira frontoian, eta apustu guztiak kontran dituenak bat-batean irabazten badu, baten batek gaizki pentsa dezake!
Arlo pertsonalean ere aldaketak eragin dizkizu lan berriak, baina bestelako aldaketarik ere izan duzu; aita izan zara!
Bai! Bizimodu aldaketa! Alabak, Aiarak, 4 hilabete eginen ditu bihar. Egun osoan hara eta hona ibili, telefonoari itsatsita... Baina laneko kezkak ahaztu egiten dira etxera ailegatu eta hura ikusita! Horrek dena aldatzen du. Beste aldea ere bai... Lehen oso juergista nintzen, pilotan arituta ere, astez gehixeago ateratzen nintzen... Eta orain, ezin!
Pilotari aterako al da hura ere?
Ez nuke nahi! Pilota ere ez da erraza! Polita da bai, baina sufritu ere egiten da! Nahiago nuke alaba beste zerbaitetan aritzea. Kirola egin dezala, baina pilotari izan ez behintzat!
«Azkenean pilotaria oso berekoia da. Berea besterik ez du ikusten (...) Orain begiratu behar diezu pilotariei eta enpresari»
Eta Jon Apezetxeak? Ematen al dio oraindik pilotari?
Hilabete bada ez dudala pilota ukitzen! Baina hortxe ari gara, Goizuetako fiestetarako partidua prestatzen. Anaiak jokatzeko ilusioa du; afizionatutan aritzen da Oier, Hernaniko klubarekin. Niri ere komeniko zait takoak jartzea... Azken partidua izanen da... Orain raketarekin aritzen naiz gustora, eta karreterako bizikleta ere ersoi dut. Profesionala zarenean itxura eman behar duzu, eta orain ari naiz aprobetxatzen horrelakoetarako, larunbat gauetan berriro ere lagunekin elkartzeko...
Juergista izaera ez da desagertu, orduan!
Ez, ez! Ama Hernanikoa dut, eta asko ibili izan naiz bertan. Urtero joaten naiz, San Joanetan: koadrilen egunean eta besteren batean... Eta Goizuetako peñen eguna ere ez dut galtzen. Horiek kontratuan daude!
Pilotara itzulita, txapelketa inportanteetan zein pilota atera ere aukeratuko duzu aurrerantzean...
Txapelketetan, bikotekakoa bada, hiruna pilota aukeratzen dituzte, eta buruz burukoa edo lau t’erdikoa bada, bina. Guk bost pilota paratzen ditugu, eta beste pilotarien enpresak beste bost, pilotariak nahi duenaren arabera: biziagoa edo motelagoa... Baina selekzionadore bat egoten da beti, guk paratutako bost pilotak balekoak diren ala ez esateko.
«Orain ni naiz gaiztoa... Lehen neronek botatzen nizkion kulpak intendenteari!»
Pilotariak ezagutu, pilotak paratu... Partiduetan zer gertatuko den asmatzen lagunduko dizu horrek. Zer espero duzu bihar, Irujo eta Aimarren arteko Buruz Buruko finalerdian?
Goizueta osoak irakurriko du hau! Aimar lagun intimoa daukat, baina hura beste enpresakoa da... Egia esan, ez dut ikusten zeinek irabaziko duen. Benetan, e? Oso partidu gogorra izanen dela uste dut. Biak oso momentu onean ailegatuko dira. Beti aritzen dira hemengo edo hango mina dutela esaten, baina... Zakur zaharrak dira!