Aurreko urteko balantzea egin eta 2015eko egitasmoen berri emateko Urteko Batzarra egin zuen Dobera Euskara Elkarteak lehengo ostegunean, bazkideekin bilduta.
Egitasmo batzuk indartu, eta beste batzuk sortu
Dobera Euskara Elkarteak nabarmendu zuen egitasmo edo zerbitzu batzuk berreskuratu egin direla; hala nola, euskal ikastolen festetara joateko autobus zerbitzua. Bestetik, berriak sortu dira, herritar gehiagorengana iristeko asmoz: Ipuin Faktoria, Bota Bertsoa!, Udaleku Ibiltari Txikiak, Bakarrizketen ikastaroak, Kultur Emanaldiak...
Bestalde, nabarmendu zen webgunea berritzeko ahalegina egingo dela aurten.
Kronikak, aldaketa nabarmena
Kronika egunkaria da Dobera Euskara Elkartearen egitasmo edo proiektuetako bat, eta aldaketa nabarmena izan du 2014an: Hernaniko Kronikaz gain, Astigarraga eta Urumeako edizioak egiten dira, eta webgunea goitik behera berritu da. Ondorioz, langile bat gehiago kontratatu da. 2015erako, edizio horiek egonkortzeko asmoa azaldu zen. Era beran, webgunean ‘Agenda bateratua’ atala sortzeko ahalegina egingo dela azpimarratu zen, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean.
Bazkide egiteko aukera izaten da www.kronika.eus webgunean ere.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzaren jaitsierak eragindako ondorioak aipatu ziren, eta diru iturri berriak bilatzearen garrantzia azpimarratu zen.
Bazkide egiteko aukera, webgunean
Gaur egun, Dobera Euskara Elkarteak ia 500 bazkide dauzka. Bazkide egiteko aukera zabalik izaten da urte osoan, eta webgunearen bitartez ere egin daiteke, www.kronika.eus webgunean, ‘Bazkide egin’ atalean.
Kontu karguak, datozen egunetan
Bestalde, Doberako bazkideei jakinarazi nahi zaie datozen egunetan egingo direla urteko bazkide kuota kobratzeko kontu karguak. Ordainketa modu automatikoan egiten ez dutenak, berriz, Kronikako bulegotik pasa daitezke, edo transferentzia egin dezakete kontu korronte honetara: 2095 5041 12 1062292601.