Lokal berria estreinatu du Hernaniko Arraun Elkarteak 50garren urteurrenean. Ekitaldi hunkigarria prestatu zuten atzo arraunlariek, okasiorako: Mikel Laskurainen bisita izan zuten; Andoni Mujikak bertsoa bota zuen; Amaia Altunak eta Araia Uitzik agurra dantzatu, Añarbe Kalonjeren trikitixaren doinura; Kalonje ahizpek eta Estitxu Zabalak inauguraziorako sortutako abestia kantatu...
Ondoren, Batis Laburu delegatuak azpimarratu zuen «50 urte hauetan lanean aritu gara, eta gure betiko ametsa kunplitu da lokal berri honekin. Guk diseinatua da eta segurtasun neurri guztiak betetzen ditu». Eskerrak ere eman zituen Laburuk: «Eskerrak eman nahi dizkizuet 50 urte hauetan arraun elkartearen parte izan zareten guzti-guztiei».
Luis Intxauspe, Beñat Amenabar eta Esti Aldeiturriaga Udal ordezkariak ere izan ziren inaugurazioan. Elkarteak egin duen lana goraipatu zuten eta arraun elkartearen parte izan diren guztiak zoriondu zituzten. Amenabarrek Udalak eta elkarteak izan duten tratu eredugarria era goraipatu zuen. Eta hiruek errepikatu zuten esaldi bera: «beste 50 urte ere, bete ditzazuela»
Festarekin bukatzeko, bideo emanaldia eta luntxa izan ziren, eta herritar guztiak gonbidatu zituzten parte hartzera. Bestalde, gogorarazi zuten larunbatean batel estropadak izango direla Elorrabin, 11:30etan hasitan Udaberriko Batel Ligaren barruan. Kadeteen batela beste garaipen bat lortzen saiatuko da.