Azkenekoz elkartuko dira, bihar eta etzi, Gurasolagun eta Mintzalagun egitasmoetan parte hartu duten euskaldun zahar eta euskera ikasleak. Ikasturteari bukaera emateko, eta parte hartu izana eskertzeko, festa bana antolatu diete.
Gurasolagun egitasmoan aritu diren gurasoak eta beren haurrak elkartzeko, merienda haundi bat antolatu dute bihar. Arratsaldeko 17:00etan jarri dute zita, Txomiñeneko frontoiko kioskoan. Haurrentzako jolasak ere izango dira bertan, Xaguxarrek antolatuta.
Euskera praktikatzeko asmoarekin, astean behin elkartu dira haur eta gurasoak, Gurasolagun ekimenean.
Mintzalagunei omenaldia, ostiralean
Mintzalagun egitasmoan, berriz, helduak bildu dira, helburu berarekin: euskera praktikatzea. Ikasturtea amaitzeko, ostiralean daukate zita: omenalditxoa egingo diete parte hartzaile guztiei; arratsaldeko 19:30etan, Joseba Barandiaran plazan.
Udan ere, aukera
Bi egitasmoak, udan ere jarriko dituzte martxan, eta nahi duenak, dagoeneko eman dezake izena, ekainaren 19ra arte: Astigarragako AEKren lokalean, astigarraga@aek.org edo 607 610 687. Datorren ikasturtean ere egingo dituzte biak, eta ordurako ere apuntatu daiteke, hiru bide horietatik.