Zeren arabera lehenetsi behar dira jasotako proposamenak?

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 7a, 02:00

Udal aurrekontuen partida bat herritarrekin adostu nahi du Udalak. Hori horrela, 2016an ere, aurrekontu partehartzaileak ja­rri ditu martxan. Aurreneko fasea izan berri da, eta bertan, herritarrek proposamenak egiteko aukera izan dute.

130 proposamen, jasota
Aurrekontu partehartzaileen aurreneko fase horretan he­rritarrek egindako 130 proposamen jaso ditu Udalak. Eta orain, iritsi da fase berri bati heltzeko garaia: proposamenak adostea.

Zein proposamenek egingo dute aurrera?
Fase honetan erabaki beharko da herritarrek egindako 130 proposamenetatik zeintzuk egin­go duten aurrera. Eta prozesu hor­retan hainbat galdera sor daitezke: «nola adostu zein propo­sa­men txertatuko diren 2016­ko Udal Aurre­kon­tuetan? Larrie­nak direnak? He­rritar gehienengana iristen direnak? Aurreko urteetan gai horren inguruan inber­tsiorik izan ez dutenak?». Gal­dera horiei erantzuna ematea izan­go da fase honen helburua.

Adosten diren irizpi­deek zehaztuko dute zein proposamenek duten lehentasuna, eta zeintzuk diren bigarren mailakoa.

Udalak jakinarazi duenez, prozesu honi, Irizpideen inguruko eztabaida deitzen diote: «hau da, honek dakar proposamen batzuk indar gehiago hartzea; eta beste batzuk bigarren lehentasun mailara pasatzea. Irizpide hauen inguruko eztabaida oso garrantzi­tsua da gisa honetako prozesuetan, honek markatzen baitu zeintzuk diren prozesuan indarra hartuko duten proposamenak».

Saio irekia Udalean, asteazkenean
Irizpide horiek zehazteko helburuarekin, bilera edo saio irekia deitu du Udalak asteazkenean. Udalean egin dute hitzordua, arratsaldeko 18:00­etan. Bertan, herritarrek, proposamenak ezagutzeko aukera izango dute, eta guztien artean aztertu eta adostuko dute proposamenak lehenesteko aplikatu beharko diren irizpideak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!