Egun osoko festa gaur, ikasturtea agurtzeko

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 6a, 02:00

Astigarragako Herri Esko­la­ko aurreneko ikasturtea berehala bukatuko da, eta ospatzeko jaialdia egingo dute gaur, ikasle, irakasle eta gurasoek, elkarrekin.
Horrez gain, Kataluniatik etorritako ikasleak ere hemen izango dira. Aurtengo elkartrukea 25garrena da, eta hortaz, urte berezia da; urteurrenaz gain, elkartrukea egiten den azken urtea ere izango baita,  Astiga­rragako Herri Esko­larentzako. Asteartean, Aran­tzazuko Ama ikastetxeko ikasleekin batera, harrera egin zieten frontoian katalanei, eta gaurko jaialdian ere elkarrekin ibiliko dira.

Jolasak, erakusketak, Krossa eta bazkaria, goizean
Goizeko 10:00etan hasita, denetik izango da gaurkoan eskolan eta frontoian. 
Aurrena, judo erakustaldia egingo dute frontoian, 5 urtetik hasi eta 2garren maila arteko ikasleek. Era berean, ordu horretan bertan olinpiadak egingo dituzte beraien artean laugarren eta bosgarren mailako ikaseek. Hainbat jolas egingo dituzte: zapitxoarena, aulki jolasa, arrautza kutxaran eramatea, sagarra kopetean mantentzea, limoia uretatik eta gailetak irinetik ateratzea, koskola bilketa...
Goizeko 11:00etan, berriz, dantza erakustaldia egingo dute frontoian, 5 urtetik hasi eta aurreneko maila arteko ikasleek.
Bikotekako Krossa izango da goizeko azken ekitaldia. Eguerdiko 12:30etan hasiko da, eta partehartzaileek 950 metroko ibilbidea egin beharko dute, Foru plazatik hasita. Edonork hartu ahal izango du parte; baldintza bakarra izango da bikoteka parte hartzea, heldu bat eta haur bat elkarrekin jarrita.
Lasterketa bukatuta, bazkaria egingo da frontoian, eguerdiko 14:00etan. Helduentzako entsalada mixta, langostinoak, oilaskoa eta tarta izango dira. Ume­entzako, berriz, kroketak, hanburgesak eta helatua. Janaria etxetik eramango dutenak ere izango dira, txartelak saltzean aukera hori ere jarri baitzen ikasle eta gurasoen eskura.

Dantzaldia, arratsaldean
Bazkalondorenean, indarrak ondo berreskuratuta, arratsaldea dantzan pasatzeko aukera izango da. 16:30etan hasita, disko festa izango da frontoian, 18:30ak arte. Azken ordu erdia, gainera, plaza dantzetarako gordeko da.

Margotzeko txokoa eta argazkilaritza ikasleen erakusketa
Bestalde, egun osoan zehar aukera izango da bi txoko bisitatzeko. Batetik, margotzeko txokoa egongo da, DBH 4 mailako ikasleek antolatuta.
Bestetik, argazkilaritza ikastaroan lanean aritu diren ikasleek orain arte egindako lanak jarriko dituzte ikusgai.

Ikasturtea ekainaren 23an bukatuko da Astigarragako Herri Eskolan. Egun horretan, San Juan bezpera ospatuko dute ikasleek.

Taberna, kioskoan
Gaurkoan Arantzazuko Ama ikastetxeko ikasleak ere izango dira Astigarragan. Taberna jarriko dute frontoi ondoko kioskoan.

Ikasle katalanak agurtuko dituzte bihar; oraingoz, betiko
Gaurko jaialdian Kataluniatik etorritako ikasleek ere izango dute aukera ondo baino hobeto pasatzeko. 
Aurtengoa, elkartrukea egiten duten 25garren aldia da, eta zikloa itxiko dute, urteurrena ospatzearekin batera.
Orain arte, Arantzazuko Ama ikastetxeko ikasleekin batera egin izan dute elkartrukea, eta orain, Astigarragako Herri Eskola sortu denez, zikloa ixteko garaia heldu dela erabaki dute.

Beste bi aste
Gaurkoan ikasturte bukaerako jaialdia egingo badute ere, ikasle astigartarrek ez dituzte klaseak bukatuko hilaren 23ra arte. 
Egun horretan, gainera, San Joan bezperako eguna ospatuko dute, eskola barruan egingo dituzten hainbat ekin­tzekin. Eta orduan bai; uda osoa izango dute deskantsatu eta ikasturte berria hasteko indarrak berreskuratzeko. 

Gaurko egitaraua

*Goiz osoan zehar, margotzeko txo­koa. DBH4ko ikasleen laguntzarekin.
*Goiz osoan zehar, argazkilaritzako ikasleen erakusketa.
10:00, Judo erakustaldia pelotalekuan ( 5-8 urte bitarteko ikasleak).
10:00, 3, 4 eta 5garren mailako ikasleen arteko Olinpiadak patioan).
11:00, Ikasleen dantza emanaldia pelotalekuan (5-7 urte bitarteko ikasleak).
12:30, Bikotekako Krossa (haur eta heldu banak osatua), Foru plazatik (950m).
14:00, Bazkaria pelotalekuan (sarrerak saldu dira dagoeneko).
16:30, Disko festa pelotalekuan.
17:30, Plaza dantzak pelotalekuan.
*Taberna pelotalekuko frontoian, Arantzazuko Ama BHIko ikasleen eskutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!