Mutrikun hasiko du udako denboraldia, Hernaniko Maialen traineruak. Emakumeen Mutrikuko I. Bandera jokatuko dute bihar, goizeko 11:00etatik aurrera, Gipuzkoako Ligari ekin aurretik, ekainaren 20an Pasaian.
Erlojupeko lehia izango da, eta hernaniarrek aurreneko txandan hartuko dute parte, Oiartzungo Itsaslapurrak eta Donostiarra-Arraun taldeekin. Bigarren txandan, Getaria-Zarautz, Hibaika eta Orio arituko dira.
Hernaniko batelak, berriz, Pasaian izango dira gaur, 11:00etan, Udaberriko Ligaren hirugarren estropadan.
Pabiloi berria, asteazkenean
Datorren astean inauguratuko du Hernaniko Arraun Elkarteak, bere pabiloi berria, Ibarluze poligonoan. Asteazkenean izango da, arratsaldeko 19:30etan. Lokal berria aurkeztu eta elkartearen 50garren urteurrena ospatuko dute.