Gaur izanen da Leitzaldeko Eskolen arteko Topaketa, eta Areson eginen dute 16garren edizioa. Bertan bilduko dira Areso, Goizueta eta Leitzako eskoletakoak: haur, guraso eta irakasle aranoar, goizuetar, aresoar eta leitzarrak, elkar ezagutzeko festan.
Horixe baita helburua, denek elkar ezagutzea eta harremanak sendotzea. Leloa ere prestatu dute: ni+zu=gu.
Topaketaren abestia, elkarrekin
Goizeko 11:00etan hasiko dute festa, joko zirkuitoarekin eta tailerrekin. Ondoren, topaketarako prestatu duten abestia kantatuko dute, elkarrekin. Zigor Agirrek idatzi du abestia, Aresoko eskolako irakasleak.
Eta kantuan bukatuta, bazkaltzeko ordua izanen dute. Paellada eder bat eginen dute.
Festak arratsaldean izanen du segida, kalejiran abiatuko baitira, fanfarre eta trikitilariekin. Ondoren, entzierroa eta sokatira eginen dituzte, 16:30etan.
Eta merienda ere prestatuko dute, indarrak berritzeko, gorputza berriz mugimenduan jarri aurretik: dantzaldiarekin bukatuko dute festa, Gorka eta Olatzekin.
Areson, gaur
11:00, Joko zirkuitoa, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
Tailerrak, Haur Hezkuntzakoentzat.
13:00, Abestia.
14:00, Bazkaria: paella.
16:00, Kalejira, fanfarre eta trikitilariekin.
16:30, Entzierroa eta sokatira.
17:00, Merienda.
Ondoren, Dantzaldia, Gorka eta Olatzekin.
ni+zu=gu abestia (Zigor Agirre)
Doinua: Glu Glu (R. Ordorika)
Areson aukera polita
ekainak 6an dugu zita
joku, bazkari eta festa
animatu, etorri mutil eta neska
topaketa bezalakoik ezta!
Ez dut gaur egon nahi bakarrik
etorri zarete jadanik
Areso, Leitza, Goizueta
elkartzeko aukera ona dugu eta,
goza dezagun topaketa!
Ni eta zu Areson aukera daukagu, ni eta zu bihurtu gaitezen gu (bis).
Jaiotzez badaukat izena
urtetan eraiki naizena
Maite, Beñat, Mikel, Laura, Ur
neska-mutil, zahar, gazte edo eta haur
ezagutu nahiko zintuzket gaur.
Orain dena da gure esku
sortu berri den hau babestu
lotura mantendu laguna
ez gaitezen bihurtu soilik ezaguna,
ederra baita hasi duguna!
Ni eta zu Areson aukera daukagu ni eta zu bihurtu gaitezen gu (bis).