Korrikalari pasea izango da bihar, Urdaburu tontorrean. Baina usoak talde haunditan joaten badira, ia banaka pasako dira Ereñotzuko Mendi Lasterketako parte hartzaileak. 200 bat lagun aterako dira, lasterketaren bosgarren edizioan, eta 12 kilometroko ibilbidea osatuko dute, 832 metroko desnibel metatuarekin.
Goizeko 10:00etan hasiko da korrikalari festa Ereñotzun, eta umeak izango dira aurreneko protagonistak. Plazatik abiatuko dira, 5 eta 11 urte arteko haurrak, kilometro bateko ibilbidea egiteko. Opari bana jasoko dute denek.
Parte hartzaileek opari bana jasoko dute, eta zozketak ere izango dira.
Irteera plazatik, 10:30etan
Haurrena bukatuta, helduek hartuko dute txanda, eta 10:30etan abiatuko dira, Ereñotzuko plazatik. Txilibita baserrira jaitsi, eta berehala hasiko dira aldapa gora. Arrondoko antena pasa, eta Aiako Harria parke naturalaren lurretan sartuko da lasterketa. Hainbat trikuharri eta monumentu megalitikoren aztarnen ondotik pasako dira korrikalariak, Urdaburura bidean.
Hortik aurrera, aldapa behera izango da gehiena. Elorrietako lepotik igaro, eta jaitsiera azkar bat egingo dute, Usoko errekara. Iturralde jatetxearen azpikaldean gurutzatuko dute erreka, eta Txirritaren jaiotetxetik gertu pasata, azken metroak egingo dituzte, berriro Ereñotzuko plazara iristeko. Bertan izango dute zain helmuga.
Bi ordu eta erdian bukatu beharko da lasterketa, eta kontrol puntu bat egongo da Urdaburun. Jan-edan postuak ere egongo dira, ibilbidean.
Izena emateko aukera, lasterketaren aurretik
Oraindik apuntatu ez denak, aukera izango du bihar ere, izena emateko. Dortsalik geratzen bada, ordubete lehenago apuntatu ahal izango da, 09:30etan; Ereñotzuko plazan bertan, 13 euroan.
Parte hartzaile bakoitzak, opari bana jasoko du, eta zozketak ere egingo dituzte bukaeran, Hernaniko denda eta tabernen opariekin. Lasterketako hiru gizon eta emakume azkarrenek, berriz, saria izango dute.