Maila haundiko errugbia izango da gaur Landaren. Euskadi eta Catalunyako selekzioak arituko dira aurrez aurre, arratsaldeko 18:30etan hasita. Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai, eta Hernani Errugbi Elkartearen 50garren urteurrena ospatzeko ekitaldietako bat izango da partidu hau ere.
Galeuscat torneoko bigarren partidua izango da gaurkoa, Galizia, Euskadi eta Catalunyako selekzioek jokatzen dutena.
Aurreneko partiduan, Euskadik galdu Galizian
Aurreko astean jokatu zen estreinako partidua, Lugon, eta Euskadik ezin izan zuen Galiziaren kontra. Akats ugari egin zituzten bi taldeek, eta aurreneko zatian 17-17 berdindu ondoren, 24-17 nagusitu ziren galiziarrak, bigarrenean entsegu erabakigarria lortuta.
Bigarren partidua jokatuko dute gaur Euskadik eta Catalunyak, eta datorren asteburuan jokatuko da torneoko azkena, Galizia eta Catalunyaren artekoa, As Pontesen.
Aurreko asteko porrotarekin, Euskadik ezin du huts egin gaur, txapelketa irabazteko aukera izango badu.
6 hernaniar, Euskadirekin
Etxeko jokalariak ere izango dira protagonista, gaurko partiduan. Hernaniko sei jokalari daude Euskadiko selekzioarekin deituta: Oier Garmendia, Iñaki Leonet, Eneko Noriega, Pello Perez, eta Iñaki Otxotorena.
Igor Genua, Errusian
Euskadirekin jokatzeko zegoen deituta Igor Genua ere, baina Errusiako Moskun ariko da hernaniarra, asteburu honetan, Grand Prix Series Sevens txapelketa jokatzen.
Zazpiko errugbiko torneoa izango da, selekzioka jokatuko dena, eta Estatuko selekzioarekin ariko da Genua. Alemania, Italia eta Errusiaren kontra ariko dira ligaxkan.