Hernani eta inguruko herrietan atsedenarekin eta osasunarekin lotutako produktuak etxetz etxe eskaintzen ari direla jakinarazi du Kontsumo Bulegoak. Produktu hauek, erosi edo ez erabakitzerako orduan, arretaz jokatzeko eskatu du Kronikara bidalitako prentsa oharrean: «herritarrei eskatu nahi diegu kontuz eta arretaz ibiltzeko merkataritza-modalitate honen bitartez erosten diren produktuekin».
Prentsa oharrean hainbat aholku eman dituzte, establezimendu komertzialetatik kanpo produktuak erosi nahi dituztenentzat: «ziurtatu saltzen ari den pertsonaren nortasuna; kontratua sinatu aurretik, pentsatu benetan interesatzen zaizun eta lasai irakurri; ez fidatu helbide gisa, posta-kutxa bat ageri bada; ‘mirari produktuen’ aurrean, jarrera arrazoitu eta kritikoa izan; galdetu produktua aztertu edo itzuli daitekeen; eta gorde ordainagiri guztiak; gogoan izan, publizitatea loleslea dela, eta gordetzea komeni dela».
Atzera egiteko, baldintzak
Produktu bat erosi eta atzera egin nahi bada, kontuan izan beharrekoak ere zehaztu dituzte: «kontratuaren kopiaz gain, atzera egiteko agiri bat eman behar dute; atzera egiteko eskubidea 14 egun naturalekoa da, eta kasu batzuetan, 12 hilabetekoa ere izan daiteke; kontratuan atzera egiten bada, gehienez 14 eguneko epean itzuli beharko da ordaindutakoa; finantziazio kasuetan, atzera egitea epe barruan egiten bada, finantziazio kontratua zigorrik gabe deuseztatuko da; komeni da enpresari atzera egiteko jakinarazpena gordeta izatea; eta atzera egiteko eskubideak ez du inolako gasturik izango».