Sukaldaritza formazioa jaso nahi duenak, aukera paregabea du Udalak antolatu duen ikastaroarekin. Sukaldaritza formazioa ematea da helburua, beharra edo nahi duenak ikasi eta lan mundurako bidea errazagoa izan dezan. Errose Etxebeste Martinez izango da irakaslea, eta Kronikari xehetasun guztiak azaldu dizkio.
Sei hilabeteko iraupena
Ikastaroa ekainetik otsailera izango da, eta egiten duenak profesionaltasun ziurtagiria jasoko du. Honen garrantzia azaldu dio Etxebestek, Kronikari: «ziurtagiria eskatu egiten dute gaur egun, hainbat lanpostutan izena emateko. Eta era berean, pauso bat da erdi mailako lanbide heziketako titulua lortzeko».
Ikastaroa langabetuei dago zuzendua, eta ezinbesteko baldintza da DBHko titulua edo baliokideren bat izatea: «hortik aurrera, ez da beharrezkoa sukaldaritzan trebetasunik izatea. Eta duenak, formakuntza osatuago bat lortzeko aukera izango du».
Ikastaroa, hamabi ataletan banatuta
Ikastaroak hamabi atal izango ditu, horietako asko, janari edo otordu motaren arabera banatuak: barazkiak, arraina, haragia, barazkiak, postreak... «ziurtagiria lortzeko, Lanbidek programazio bat lantzen du, eta guk programa hori bete behar dugu».
Ikastaroan betiko sukaldaritzak izango du lekua, baina sormenari ere emango zaio garrantzia. Hala dio, irakasleak: «sormenik ez dago, betiko sukaldaritzarik gabe. Ondorioz, biek edukikok dute lekua ikastaroan».
Sukaldaritza motari dagokionean, bertakoa eta kanpokoa landuko dituzte: «ikastaroan ez du halako protagonismoa atal honek, baina garrantzitsua da. Beste herrialdeetako platerak geroz eta ezagunagoak dira, eta jakin behar dugu nongoak diren eta nola egiten diren: sushia, tenpura, cevichea... esaterako»
«Dekorazioa garrantzitsua da»
Plateren dekorazioak duen garrantziaz ere hitz egin dio Etxebestek, Kronikari: «oso garrantzitsua da nola ipintzen den janaria platerean. Ezin da edozein moduan jarri, hori ere ikasi egin behar da».
Bestalde, gogoratu du ikastaroa egiten dutenek janaria manipulatzeko karneta ere, aterako dutela.
Izen ematea, Lanbiden
Ikastaroa egiteko 10 plaza daude libre, eta beraz, egin nahi duenak komeni da lehenbailehen izena ematea. Horretarako Lanbideren web orrira jo behar da: http://apps.lanbide.euskadi.net/apps/FR_CURSO_DETALLADO?LG=E&ML=FORMEN1&MS=Fcaa&IDRG=20151343&CTRG=1&ORGN=LG%3DC%20ML%3DFORMEN1%20MS%3DFca%20PM1%3DHOT%20PM2%3D20%20PM7%3D