«Herritarren eskutik erabaki eraginkorrak hartuko ditugu»

Kronika - Erredakzioa 2015ko eka. 1a, 02:00

Gipuzko Buru Batzarrak ez ohiko Herrialde Batzarra egin zuen larunbatean, Oronako egoitzan. Hauteskundeetako emaitzak aztertu zituzten barruko kargu, kargu publiko eta EAJ-PNVren hautagaien eskutik. GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, zorionak eman zizkien bertaratutakoei lortutako emaitzengatik, eta hemendik aurrera, EAJ-PNVk «errespetutik» gobernatuko duela azaldu zuen. «Eta erabaki eraginkorrak hartuko ditugu gipuzkoarren eskutik», gaineratu zuen. «Orain arte bezala, seriotasunetik, lan taldean eta zerbitzatzeko bokazioarekin arituko gara, horiek izan baitira EAJ-PNVren arrakastaren giltzarri nagusiak».
Emaitzak aztertzeko garai­an, nabarmendu zuten gipuzkoarrek bi ereduren artean aukeratu behar izan zutela igandean, eta Bildu zigortzea erabaki zutela «antzeman dutelako ez duela zintzo jokatu, ez dituela herritarrak errespetatu eta ez duela jarrera etikoa izan», diote. «Egoera horren aurrean, gipuz­koarrek agindu argia luzatu digute: Gipuzkoa blokeotik ateratzea. Eta hori egiteko konpromisoa hartu dugu», jakinarazi zuen Egibarrek.
Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izango den Markel Olanok ere hartu zuen hitza. Aurreratu zuen Aldundira, etxeko lanak eginda iritsiko dela EAJ-PNV, eta lehenengo sei hilabetetan hartuko dituela erabaki garrantzi­tsuenak. Donostiako alkate izango den Eneko Goiak, berriz, eskerrak eman zizkien donostiarrei bere taldearengan jarri duten konfiantzagatik eta eman dioten ardura gogotsu beteko duela nabarmendu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!