Ez zen ezustekorik izan ostiralean, Ataunen kontrako neurketan. Kadeteetan, Iraitz Zubizarretak jokatzen bazuen, hernaniarrek zaila izango zutela garaipena lortzea aurreratu zuen Rufino Rekaldek eta halaxe izan zen. Endika Arizmendik eta Ander Lazkanok ez zuten aukerarik izan. 22-7 galdu zuten. Ekaitz Cisneros eta Suharri Rodriguez jubenilak eta Ioritz Arrieta eta Eneko Aizpitarte seniorrak, berriz, espero bezala, gehiago izan ziren. 22-8 eta 22-9 irabazi zuten. Joaneko neurketan, 3-0 nagusitu zen Hernani eta bueltakoan, 16 tanto lortzea nahikoa zuen finalaurdenetara pasatzeko, baina berriz ere nabarmen geratu da pelotari hernaniarren maila.
Orain, kadeteetan klabea
Tolosaren kontra jokatuko dute final laurdena eta aste honetan izango da joaneko neurketa. Jubeniletan, oso bikote ona dutela tolosarrek dio Rekaldek eta oso zaila izango dela irabaztea. Seniorretan, berriz, argi ikusten du hernaniarrak izango direla nagusi. «Aldez aurretik ikusita, kadeteak izango direla klabea uste dut. Bikote berdintsuak iruditzen zaizkit eta nerbioak ondoen kontrolatzen dituenak lortuko du garaipena», dio.