Musika Eskolako txistulariek kontzertua eskainiko dute bihar 12:30etan, udaletxeko arkupeetan. Ikasturte honetan eskainitako lau kontzertuen artean, azkena izango da. Oraingoan, plazako dantza doinuez osatu dute gehienbat egitaraua, «herria festa giroan murgiltzen hasia dela eta». Dozena bat abesti joko dituzte.
Musika Eskolako kideak, Italian
Joan den asteburuan, Musika Eskolako fanfarrea, txistulariak eta albokariak Italiako Bellaria-Igea Marina herrian izan dira, La Borghata che Danza jaialdian (22 lagun). Aurten, euskal musika eta dantza hartu dituzte gai nagusitzat. Oiartzungo musika eskolako eta Hiriburu-Mugerre-Milafrangako dantza taldeko kideekin izan dira bertan. Esperientzia aberats eta interesgarria izan dela azaldu dute, «Lapurdiko dantzariekin lan egiteak, Aturri inguruko herri haietako eta hernaniarron arteko harremana jorratzeko aukera eskaini digulako eta ohorea izan delako gure kulturaren ordezkari izatea han».