Ez da erraza izaten, baina urtero zientoka hernaniar ateratzen dira Axeri Bila lasterketa herrikoian, axeria harrapatzeko ahaleginean.
Aurtengo edizioa 17garrena izango da, eta ekainaren 20an egingo da. Aurreko edizioetan bezala 7 txanda egingo dira, adin guztietako korrikalariek parte hartu dezaten: 17:30etan, 6 urtetik beherakoek (150m); 17:40etan Lehen Hezkuntzako 1 eta 2 mailetakoek (300 m); 17:50etan, Lehen Hezkuntzako 3 eta 4 mailetakoek (600m); 18:00etan, Lehen Hezkuntzako 5 eta 6 mailetakoek (1.200m); 18:10etan DBHko 1 eta 2 mailetakoek (2.400m); eta 18:30etan, DBHko 3 eta 4 mailetakoek (4.500m) eta helduek (9km).
Izenematea zabalik
Lasterketan parte hartzeko izenematea zabalik dago, eta ekainaren 19ra arte egongo da epea zabalik, www.kirolprobak.com webgunean. Bestalde, egun horretara bitartean CD Hernaniko atletismoko lokalean ere eman ahal izango da izena, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Dortsalak ere bertan jaso ahal izango dira.
Era berean, lasterketa egunean ere eman ahal izango da izena, 16:00etatik aurrera irteera puntuan (Urbieta kalean). Dortsala bertan emango zaie; baita webgunearen bitartez izena emandakoei ere. Prezioari dagokionez, txip horia dutenek 9 euro ordaindu beharko dituzte; txip txuria alokatu behar dutenek, 11 euro, eta egunean bertan izena ematen dutenek, 16 euro.
4,5km-tako ibilbideari, bi buelta
Haur eta gazteen lasterketak Urbieta kalean barrena egingo dira, arratsaldeko 17:30etan hasita.
Helduena, berriz, 18:30etan hasiko da, eta ohi bezala, Hernani goitik behera zeharkatzen duen 4,5km-tako ibilbideari bi buelta eman beharko dizkiote. Urbieta kalean hasi, eta gora hartuko dute, Elkano kaletik Larramendi kalera. Han buelta hartuko dute, eta Lizeaga kalean behera joko dute, Atzieta kaletik eta Zinkoeneatik pasata, Florida Auzoan zehar Etxeberriraino iristeko. Handik, Sagastiale Auzoa eta Antziola pasako dituzte, eta Txillida pasealekutik Urbietara joko dute. Hara iristean, beste horrenbeste geratuko zaie; ibilbideari bigarren buelta eman beharko baitiote.
Dutxak eta aldagelak, kiroldegian
Urtero bezala, aukera izango da kiroldegiko aldagelak erabiltzeko, eta lasterketa bukatu bezain pronto, dutxak ere erabili ahal izango dira.
Era berean, ura banatuko zaie partehartzaileei.
Kamixetak jasotzeko aukera aurretik, eta opariak, ondoren
Axeria harrapatzeko ahalegina egiten dutenak ez dira esku hutsik joango etxera. Zaila izango da axeriaren buztana harrapatzea, baina bestelako opariak lortzeko aukerarik ez da faltako.
Hasteko, lasterketaren aurretik, izena ematen dutenek Axeri Bilako kamixeta jaso ahal izango dute. Ekainaren 9ra bitartean, aukera izango da nahi den neurri eta sexuko kamixeta hartzeko (dortsalarekin batera, atletismo taldearen lokalean emango dira). Ekainaren 10etik aurrera, berriz, tokatzen diren moduan banatuko dira, bukatzen diren arte.
Bestalde, lasterketa bukatu eta berehala, 19:30ak inguruan, sari banaketa egingo da, eta hainbat opari ere zozketatuko dira.
Batetik, garaikurrak jasoko dituzte kategoria bakoitzean aurreneko hiruen artean sailkatzen direnek (emakume eta gizon seniorrek, eta emakume eta gizon beteranoek), eta aurreneko emakumeari eta gizonari txapela jarriko zaie.
Bestetik, ondorengo sariak ere zozketatuko dira: bi lagunentzako asteburuko bidaia (Hernani Bidaiaken eskutik), eta bina lagunentzako otordua Fagollagan, Errioguarda-enean, Zumitzan, Zumardin, Arrobin eta Gunean.
Guztira, 500 korrikalarirentzako dago tokia Axeri Bilan. Iazko edizioan, 275 partehartzailek hasi eta bukatu zuten lasterketa herrikoia.
275 korrikalari, lehengo urtean
2014ko edizioan 275 korrikalarik hasi eta bukatu zuten Axeri Bila lasterketa.
Denetan azkarrena Unai Señoran irurarra izan zen, 00:30:37ko denborarekin, eta emakumeetan azkarrena, berriz, Karen Ortiz de Guinea hernaniarra izan zen (00:38:45). yy