Astigarragako istorio bat izango du oinarri, gaur Sagardoetxen izango den ikuskizunak. Sagastiak loretan ospakizunari bukaera emateko, antzerkia antolatu dute. Markesaren alaba eta Luixen istorioa da antzezlanaren izenburua, eta 12:30etan hasiko da, Sagardoetxean bertan. Antzerkiak bat egin du Olatu Talka 2015 ekimenarekin, Donostia 2016en barruan.
Astigarragako taldeek hartzen dute parte
Antzerkiak bi familien arteko istorioa kontatzen du: Astiga–rragako Murgiatarren Jauregiko familia batena eta Santiagomendiko baserri bateko familiarena. Musika eta dantza ditu oinarri antzezlanak, eta atzean, Astigarragako kultur taldeetako hainbat haur: Norberto Almandoz Musika Eskolakoak, Astigarragako Antzerki eskolakoak eta Astigar EOEko dantzariak. Denera 80 haur baino gehiagok hartuko dute parte.
Urte batzuk, martxan
Ikuskizun hau duela urte batzuk jarri zuten martxan, Musika sagastian ekimenaren barruan. Urtetik urtera lortu dute herriko talde gehiagok parte hartzea, eta musikaz gain, dantza eta antzerkia ikuskizun bakar batean uztartzea.