Etxean edota lanean gustora sentitzeko «formula magikoa»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 30a, 02:00

«Nola sentitzen zara etxean eta lanean? Benetan gustora al zaude? Lanean kontzentratzen al zara? Eta etxean deskonektatzea lortzen al duzu? Zure espazioa orekatzen duzunean, aldaketa positiboak eragiten dituzu zure bizitzan eta zure ongizate maila haunditzen duzu». Halaxe dio Lourdes Galarraga interioristak.
Galarraga, Astigarragan eta Hernanin izango da Feng Shui ikastaroa emanez eta bere metodoaren berri emango du. Zilegi Eskolen barruan antolatu dute ikastaro hau.

Feng Shuian, harmoniaren bila
Galarragak etxeko altzarien enpresa batean hasi zuen bere ibilbidea. Aldi berean, pintura, zeramika eta altzarien zaharberritzea ere lantzen zituen. Interiorista izan aurretik, ordea, ama zela dio Galarragak eta horrek ikuspegi berezia izatea eragiten ziola espazio edo leku bat antolatzerakoan. Hori horrela, Feng Shuiaren munduan sartzea erabaki zuen: «Han topatu nuen bilatzen nuen harmonia horren erantzuna, Geobiologia eta Bioerai­kuntza­ren bidez. Azken hauek erakutsi didate dauzkagun arazo asko, hala nola, insomnioa, urduritasuna edota neke kronikoa, bizi garen ingurunearen baldintzek eragiten dutela. Eta horrez gain, arazo horiek aurkitzeko eta saihesteko bidea zein den ere erakutsi didate».

Hiru elementuen nahasketa
Galarragaren helburua da, leku bakoitzak momentuan behar dugun energia hori sortzea: «Benetan atseden hartzeko bide ematen duen logela, familia artean momentu atseginak pasarazten dituen egongela, elikadura eta ohitura osasungarriak bultzatzen dituen sukaldea...».
Horretarako, «formula ma­gikoa», honakoa da Gala­rragaren esanetan: Feng Shui (leku atseginak), interiorismoa (leku erosoak) eta Geobiologia (leku osasungarriak). «Hiru elementu hauek konbinatuz, lortuko duzu zure etxea lasaitasunez, ohitura osasuntsuz eta energia positiboz betetako ingurunea izatea».

Asteartean Astigarragan; eta asteazkenean, Hernanin
Astigarragako saioa asteartean izango da, 09:30etan, Nabarra Oñatzeko lokalean. Hernaniko saioa, berriz, asteazkenean izango da, 09:30etan eta 14:40etan, AEKn. Izena emateko: zilegieskola@aek.org, 607 592 864 edo 607 610 687.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!