Hernanik eskura du, final laurdenetako pasea

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 29a, 02:00

Hernaniren eta Ataunen arte­ko final zortzirenetako buelta­ko partidua jokatuko da gaur Hernaniko pelotalekuan. Etxe­ko pelotariek lasai ekingo diote norgehiagokari, 3-0 irabazi baitzuten joanekoan. Hiru par­ti­duen artean 16 tanto egitea­rekin nahikoa izango dute final laurdenetan sartzeko.
Josu Oiaga entrenatzaileak, honako pelotariak aukeratu ditu: kadeteetan, Endika Arizmendi eta Ander Lazkano; jubeniletan, Ekaitz Cisneros eta Suharri Rodriguez; eta seniorretan, Ioritz Arrieta eta Eneko Aizpitarte.
Kadeteetan, Ataungo Iraitz Zubizarretak jokatzen badu, oso partidu zaila izango dute hernaniarrek. Bestela, herna­niarrak izango dira faborito. Jubeniletan, bikote hernania­rra ataundarra baino gehiago da eta ez lukete zailtasunik behar partidua irabazteko. Eta seniorretan, bikote herna­niarra maila honetako onene­takoa da. Faborito izango dira.

«Guztiak animatu nahi ditut pelotalekura»

Rufino Rekalde pelota taldeko ordezkariak honako idatzi hau bidali du:
«Hernaniko pelotariek eta pelotak aurrera egin dezan lanean ari den jendeak tristura haundiz ikusten dugu Herna­niko herritarrek kirol honekiko erakusten duten interes eza. Tristura haundiz ikusten dugu urte osoan zehar familia artekoak bakarrik azaltzen dire­la pelota lekura. Tristura haundiz ikusten dugu zein ikusle gutxi etortzen den Berria Txapelketa ikustera, kontutan hartuta, pelotari afizionatu onenek har­tzen dutela parte eta euskeraz argitaratzen den egunkari ba­karrak babesten duela. Tristura haundiz ikusten dugu Herna­niren izenean joka­tzen dugun denboraldiko lehen­dabiziko kon­promezua iritsi eta, Herna­nin bertan, Markinako ia ikusle gehiago izatea.
Joan deneko 20 urte honetako ibilbidean, lor litezkeen emaitzarik onenak lortu ditugu. Ez da beste kirolik herri honetan, pilotak irabazi dituenak irabaztea lortu duenik. Hiru pelotari, profesional mailara iristea lortu dugu. Bost bider irabaztea lortu dugu Herriarteko Txapelketa, lorpen honek gure herriaren izenarentzat esan nahi duen guztiarekin. Afizionatu mailan joka­tzen diren txapelketa guztiak irabazi ditugu, Gipuzkoako txapelketatik hasi eta Mun­duko txapelketaraino, Euskal Herri­koak, Espainiakoak eta Euro­pakoak tartean. Mundu­an esku pelotan federatu gehien duen kluba izatea lortu dugu.
Uler liteke jende askok pelota gogoko ez izatea, baita ere belaunaldi berriek sare sozialetan saltzen dizkieten beste kiroletan interes haundiagoa izatea, baina ulertzen zaila gertatzen dena zera da, Hernaniko herriak Euskal Herriko kultura ondarea den kirol bati muzin egitea eta, aldiz, gure kulturarekin zer ikusi txikia duten beste zenbait kirol ikustera trumilka joatea.
Bukatzeko, pelota maite duten guztiak animatu nahi ditut pelota lekura etor daitezen gaur, Herriarteko Txapel­ketako kanporaketak ikus­tera. Era berean, animatu nahi nituzke kirol hau ezagutzen ez dutenak edo gogoko ez dutenak pelota lekura ingura daitezen, horrelako egun berezietan, zaletasuna piztu dakien eta pelotaren alde aletxoa gehitu dezaten beraiek ere. Goza dezagun ikuskizun eder honekin eta lagundu dezagun pelota gure herri kulturatik desager ez dadin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!