Gure genealogia feministak liburuaren aurkezpena izango da gaur Biteri Kultur Etxean, Berdintasun Kontseiluak eta Hernaniko Udalak antolatuta. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango da.
Azaldu dutenez, Gure genealogia feministak egitasmoa, emakumeen eta feministen ekarpenak argira ekarri nahi dituen proiektua da. Emagin elkarteak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak elkarlanean egindako lana. «Gure herriaren oroimena gizonezko garaileen ikuspegitik kontatu izan da, androzentrismoan oinarritutako ikuskeratik. Memoria kolektiboan ez dira aztarna feministak ageri. Ondorioz, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lana, ahalegina eta jarduna ez da aitortua izan. Linterna, foku, mikrofono eta bolumen altuko bozgorailuak jarri ditugu feministon ahotan. Argi eman diegu, gertatutakoei, bizi eta sentitutako zapalkuntzei eta hauen aurrean feministek eragindako aldaketei. Badator Euskal Herriko talde eta aldarrikapen feminista nagusiak biltzen dituen euskarazko lehen liburua», diote.
«Ate bat gehiago ireki dugu»
Egitasmo honen bidez, mugimenduaren tripak arakatu dituzte, zein taldek osatu zuten ezagutu, zein mobilizazio eta ekintza egin zituzten, baita barnean izan zituzten eztabaida eta hausnarketak ezagutu ere. «Gure nahia eta beharra. Gure ikuspegia», azpimarratu dute. Eta gaineratu: «Orainaldia interpretatzeko bitartekoak nahi ditugu, aurretik gertaturikoa ezagutu, etorkizunean aurrera nora egin argitzeko. 500 orritik gora izango dituen liburuan, guzti hau jasotzen saiatu gara, jakinda, asko dagoela oraindik arakatzeko, asko kontatzeko, asko entzuteko. Gure historian, ate bat gehiago ireki dugu».