«Lagundu digu beldurra kentzeko»

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 30a, 02:00

Langile eta enplegatzaileen artean zubi lana egiteko asmotan sortu da Euskara Plus proiektua. Helburu da langile edo langabetuei laguntzea euskeraz komunikatzeko gaitasunak lantzen, eta, era berean, enplegua lortzeko aukerak haunditzea. Bestalde, enpresa edo enplegatzaileak anima­tzen dituzte euskera erabiltzen duten langileak kontratatzera.
Banaiz Bagara elkarteak, Enplegu Zentroak eta Herna­niko Udalak jarri dute martxan proiektua, eta antolatu dituzten hiru ikastaroetan lehenengoa datorren astean bukatuko da. Sei ikasle aritu dira bertan, eta egin dituzten aurrerapausoak azpimarratu dituzte. Horietako batek lanpostua lortu du, dagoeneko, eta klaseak utzi behar izan ditu.

Egindako ahaleginaren fruituak jasotzen
Guillermo Martinez, Nerea La­cos­ta eta Cristina Quintanilla dira ostalariei zuzendutako aurreneko ikastaro honetan parte hartu duten sei ikasleetatik hiru. Euskeraz aritzeko ohitura hartu eta konfiantza indartzeko eman zuten izena.
«Euskera hobetzeko eman nuen izena», dio Guillermo Martinezek. «Orokorrean, gaztelaniaz aritzen naiz, lagunekin, eta. Ohitura hartzea inportantea da, eta konfiantza gehiago lortu dugu. Lanean euskeraz hasten badira, orain kontura­tzen naiz zertaz ari diren, eta defendatzen naiz. Lagundu digu beldurra kentzeko».

«Lehengoan kafea euskeraz eskatu nuen, eta esan zidaten nabaritzen dela ikasten ari naizela!»

Nerea Lacostak ere ez zuen ohitura haundirik euskeraz ari­tzeko. «Orain arte ez zitzaidan gustatzen euskera. Ez nuen ikusten beharrik. Baina ezkondu eta hemen bizitzen jarri nin­tzen. Horrela, garran­tzia ematen hasi nintzen, az­kenean, in­gurua euskalduna da! Haurrek ere esaten zidaten: euskañola zara! Eta pentsatu nuen: Ikastea tokatzen da. Beldurra kentzeko lagundu dit ikastaroak. Nahikoa hitz egiten dut orain! Lehengoan kafea euskeraz eskatu nuen, eta esan zidaten nabaritzen dela ikasten ari naizela!».
Euskeraz aritzeko ohitura gehixeago du Cristina Quin­ta­ni­llak. «Eskolako oharrak beti euskeraz jasotzen ditut eta gurasoekin eta irakasleekin euskeraz aritzen naiz. Lan­ki­deekin ere, Errioguardan, euskeraz aritzen naiz. Baina beti iristen da momentu da bi hizkuntzak nahasten ditudana. Ikasten da hanka sartzen. Prozesu bat da, eta batzuetan aurrera egiten dut eta besteetan iruditzen zait atzera egiten ari naizela. Datorren urtean AEKn hasiko gara!».
«Mintzalagunak ere badaude, eta asteazkenetan Gunea garagardotegian euskeraz ari­tzeko aukera izaten da. Joango gara!», dio Martinezek.

Ekainean, hurrengo ikastaroa
Aurreneko ikastaroa ostalariei zuzendutakoa izan da, eta bigarrena ekainean izango da, pertsonen zaintzan aritzen direneni zuzendua. laster irekiko dute izenemate epea..

 

«Akatsak onartu eta bizi zaitezke euskeraz»

Bi irakasle izan dituzte Euskara Pluseko ikastaroetan: Petra Elser eta Iñigo Igarzabal.
Klaseak ahalik eta modu arin eta praktikoenean ematen saiatu dira. Petra bera, alemaniarra da jatorriz, eta bere esperientzian oinarritzen da klaseak ematerako orduan. «Euskera ikasteko nire prozesuan garrantzitsua izan zen bereiztea non jakin behar den gauzak ondo esaten, eta non ez den horren garrantzitsua. Gauza batzuk zailak dira euskaldun berrientzat. Akatsak onartu eta bizi zaitezke euskeraz», azaldu du.

Egoera praktikoak
Horregatik, hain zuzen, egoera praktikoen bidez ikasten dute klaseetan. Eguneroko bizitzan aurki dezaketen egoera bat an­tzeztu eta nola erantzungo lu­ke­ten praktikatzen dute.
Esate baterako, jatetxe ba­te­ko zerbitzaria izanez gero, zer esango zenioke zeliakoentzako jakirik ba ote dagoen gal­de­tzen duen bezeroari? Uler­me­na eta azkar erantzuteko gai­tasuna lantzen dituzte horrela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!