Saskibaloian, sei talde eta saskibaloi eskola izan ditu aurten Hernanik eta balorazioaren berri eman dio Roge Miguezek Kronikari. «Seniorrei dagokienez, denboraldi ona izan da. Gipuzkoako lehenengo mailan hartu dute parte eta zortzigarren postuan geratu dira. Ez da ahaztu behar harrobiko jokalariez osatutako taldea dela». Junior mailako bi talde ere izan dira aurten, mutiletan, eta talde horietako batek liga irabazteaz gain, mailaz igotzea lortu du. Kadeteetan, mutilen eta nesken taldeak izan dira. «Nesken taldeak asko hobetu du bere maila eta mutilek, txapeldunorde izatea lortu dute ligan, eta mailaz igo dira», azaldu du. Klubeko talderik txikiena, mutil infantilena da eta lehiaketako erritmora egokitzea kosta arren, lan ona egin dutela eta garaipenak ere lortu dituztela nabarmendu du. Eskolak egindako lana ere azpimarratu du Miguezek: «Ostiralero neska-mutil talde ederrarekin aritu gara eta honek esan nahi du etorkizuna badagoela».
Taldeek lortutako hobekuntza eta igoerez gain, denboraldi honetako bi kontu azpimarragarri badirela azaldu du Miguezek: «Eskolak martxa ona hartu izana eta ia entrenatzaile guztiak Hernanikoak izatea».
Animatzeko deia
Denboraldi hau nola joan den ikusita, saskibaloiak etorkizun ona duela Hernanin dio Miguezek: «Seguru daukagu gutxienez, denboraldi honetako talde kopuru bera aterako dugula datorren urtean. Talde batzuetan jokalari gehixeago beharko genituzke, baina lortuko dugu. Eta ez da ahaztu behar saskibaloi saila, 2002ko udan jarri zela martxan. 13 denboraldi daramazkigu eta herrian errotzea lortu dugu. Udan zehar, deialdi irekiak egiteko aprobetxatuko dugu jendea animatu dadin. Saskibaloia egin nahi duena, etorri dadila kiroldegira edozein arratsaldetan».