Ziraba proiektuaren barruan, auzolana deitu dute igandean, Ereñotzun. Urtarrilaren 31n, Putzuzarreko iturria eta inguruko hezeguneak berreskuratu zituzten, inguruko auzotarren laguntzarekin, eta oraingoan ere berriz egin dute deialdia. Izan ere, eraikitze sistema zaharra baliatu zuten lan horretarako, eta teknika baliagarria bada ere, ez dela iraunkorra azaldu dute. Beraz, igandeko auzolana, hezeguneak gestionatzeko edo kudeatzeko izango da. Horrez gain, bertaratzen direnek Akolako inguruak erakusten dituen natur eta kultur ondareak ezagutzeko aukera izango dutela gaineratu dute.
Hamaiketako eta guzti
Auzolanerako hitzordua, igandean, goizeko 10:00etan jarri dute Akolako atsedengunean. Oinez joateko gomendatu dute, kotxe askorentzat aparkalekurik ez baitago bertan.
Eta auzolanera joan nahi duenak izena eman beharko du, asegurua kontratatzeko. Izena emateko epea ostiralean bukatzen da, 13:30etan. Bertan izena eman nahi duenak, telefonoz Aranzadira deitu dezake (943 46 61 42) edota email bat bidali ondorengo helbidera: idazkaritza@aranzadi.eus.
Indarrak hartzeko, hamaiketako txiki bat ere izango da bertan.