Herritarrak eta bezeroak hondakinak gutxitzearen garrantziaz sentsibilizatzeko, kanpaina jarriko du martxan Dendarteanek (Gipuzkoako Merkataritzaren Bilkurak), elkarte eta denden parte hartzearekin. Dendartean eta denon artean zero zabor izena du kanpainak eta Gipuzkoako 7 herritan egingo da; tartean, Hernanin. Herriko 42 establezimenduk hartuko dute parte eta maiatza-ekaina bitartean burutuko da kanpaina.
Bost neurri hartuko dituzte: 1. Panel informatiboak jarriko dira dendetan; 2. Plastikozko poltsak ordezkatu egingo dituzte konpostagarri-biodegradagarriengatik (eskatzen duten bezeroei emango zaie eta egokiena telazko poltsak erabiltzea dela gogoraraziko dute); 3. Bezeroei aholkuak emango dizkiete eta jarraitzen dituztenak, produktu ekologikoz osatutako sorten zozketetan sartuko dira; 4. Kaletik doazen herritarrekin hartu-emanetan ariko dira eta komertzio txikietan telazko poltsekin erosten dutenei opariak egingo dizkiete; 5. Praktika onen inguruko formakuntza jasoko dute merkatariek, zero zabor konpromisoa hartu dezaten.
«Etorkizun iraunkor bat posible izango da kontsumo arduratsu bat egiten badugu. Zain dezagun ingurunea komertzio txikian erosiz», egin dute dei.
Ordizia, Errenteria, Azpeitia, Urretxu-Zumarraga eta Zumaiak ere hartuko dute parte. Iaz bezala, Gipuzkoako Aldundiarekin hitzarmena sinatu du Dendarteanek proiektua aurrera eramateko.