Astigarragan 100 etxebizitza huts inguru daudela kalkulatzen du Udalak, eta horiek alokairu sozialera bideratzea da helburua. Hori bultzatze aldera, dirulaguntzak bideratu ditu jabe eta maizterrentzat. Guztira 50.000 euro izango dira.
Jabeentzat, 32.000 euro guztira
Udalak 32.000 euro bideratuko ditu etxe hutsa alokatu nahi duten jabeentzat. Etxean obra egin behar izanez gero, Udalak obraren aurrekontuaren %75a hartuko luke bere gain, 6.000 euroko mugarekin. Udalak baita ere diruz lagunduko luke, etxeak alokatzeko derrigorrezkoa den efizientzia energetikoaren ziurtagiria lortzea, edota maizterrengandik babesteko aseguruaren kontratazioa. Dirulaguntza jasotzen duten jabeek muga bat izango dute alokairuaren prezioa jartzerako orduan. Obra egin behar den etxeetan, gehienez, 6 euro/m2koa izango da; eta gehienez 500 eurokoa. Obrarik egin beharko ez balitz, alokairua, gehienez, 6,5 euro%m2koa izango da; eta gehienez 550 eurokoa.
Maizterrentzat ere, laguntza
Gainerako dirua, 18.000 euro, maizterrentzat bideratuko litzateke. Kasu honetan, bermatuko litzateke, maizterrek ordaindu beharrekoak ez gainditzea beraien diru sarreren %30a. Alokairu hauetara sartzeko zenbait baldintza bete beharko dituzte, batez ere, ekonomikoa.
Eskaera egiteko epea, zabalik
Dirulaguntza eskatu nahi dutenek zabalik dute epea. Maizterrek ekainaren 16ra bitartean eskatu dezakete; eta etxe hutsen jabeek azaroaren 30a arte. Informazio gehiagorako: Hirigintza, 943 33 52 41 edo hirigintza@astigarraga.eus.