Astigarragako Udalak 40 baratza publiko zozketatuko ditu hilerri inguruan. Zozketa bidez banatuko ditu baratzak, eta parte hartu nahi duenak zabalik du izena emateko epea. Ekainaren 15era bitartean izango da aukera, eta horretarako Udal erregistroan eman behar da izena.
40 baratzak, 5 taldetan banatatuta
Zozketa egiterako garaian, 40 baratzak bost talde ezberdinetan bereizi dituzte: 2 baratza desgaitasun bat dutenentzat; 10 baratza langabezian daudenetzat ; 6 baratza 35 urte baino gutxiago dutenentzat; 8 baratza 65 urte baino gehiago dutenentzat; 12 baratza, baldintzarik gabe (aurreko taldeetan baten bat banatuko ez balitz, multzo honetan gehituko litzateke); eta 2 baratza Baratz elkarteentzat.
Izena ematean, dokumentuak eraman
Zozketan aurreko talderen batean sartu nahi duenak, hori ziurtatzen duen dokumentua aurkeztu behar du izena ematerako momentuan; emakumeek lehentasuna izango dute. Informazio gehiagorako, hiru bide: Hirigintza bulegoa, 943 33 52 41 edo hirigintza@astigarraga.eus.
Udaletik jakinarazi dutenez, izena emateko epea bukatzean azalduko da noiz egingo den zozketa. Baratza urtebeterako utziko da, eta lau urtera arte luzatu daiteke. Urteko kuota 36 eurokoa izango da.
Bestalde, gogoratu dute nekazaritza ekologikoa egin beharko dela; horretarako, doako ikastaroak emango dituzte.